Frantziako presidentzia hauteskundeak

FNri begira jarraitzen dute Hollandek eta Sarkozyk

PSko hautagaiak uste du eskuin muturreko alderdiari botoemaileen zati bat "ezkerretik" iritsi zaiola. UMPkoak esan du Frantziak ezin duela atzerritarrak hartzen segitu. Maiatzaren 6an izango dira presidentea aukeratzeko hauteskundeak.

2012ko apirilaren 24a
15:46
Entzun

François Hollandek (PS) eta Nicolas Sarkozyk (UMP) igande gauetik FNri begirik kendu gabe segitzen dute, gaur ere ikusi den bezala. Izan ere, FN eskuin muturreko alderdiak igandean Frantziako presidentziarako hauteskundeetako lehen itzulian %17,9ko babesa lortu zuen, ia sei milioi eta erdi boto, eta botoemaile horiek maiatzaren 6an egingo dutena erabakigarria izango da; Frantziako datozen bost urteetako presidentea hautatzeko erabakigarria, alegia.

"Marine Le Pen-en [FNko burua] aldeko botoa ez da Errepublikaren aurkakoa izan, Errepublika barruan adierazi baitira", esan du Sarkozyk Paris kanpoaldean, FNkoak UMPra erakarri nahian.

Uste du "azken lau urteetako krisi latzak" eragina izan duela FNk horrenbesteko indarra izateko, eta eskuin muturrekoen ideiak aipatzen hasi da. "Frantziak ezin du atzerritarrak hartzen segitu", esan du, esaterako. Neurrien artean, besteak beste, azaldu du botoa Frantziako bizilagunek baino ez luketela izan beharko eta herrialdera bizitzera joan nahi duenari frantses hizkuntzari buruzko azterketa egin beharko lioketela.

Hollanderen iritziz, berriz, FNri botoemaileen zati bat "ezkerretik" heldu zaio, Frantzian dagoen "haserre sozialagatik". "Aurrerapenaren, berdintasunaren, aldaketaren, ahalegin partekatuaren eta justiziaren aldean jarri beharko lukete berriro", esan du PSko hautagaiak Liberation egunkarian. "Ezkerra da haiek defenditzen dituena".

PSko buruak Sarkozyri leporatu dio eskuin muturrak izandako gorakada. "Zerbait pasatu da; haserre bat, frustrazio bat. Mezu hori entzun beharra dago. Presidente kargutik irtengo denarentzat berandu da, niretzat beharrezkoa".

Hollande izan zen domekan hautagairik bozkatuena, %28,63ko babesarekin. Sarkozyk %27,18koa erdietsi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.