Carme Forcadellek berak prentsaurrekoa eman du ez dela aurkeztuko jakinarazteko. Ez dela aurkeztuko XII legegintzaldian Kataluniako Legebiltzarkideko presidente izateko. ERCren zerrendan aurkeztu zen bozetara, eta diputatu aulkia eskuratua du. Legegintzaldi honetan aulki horretan gelditzea erabaki du. Egindako lanaz harro agertu da: "Legebiltzarrean eztabaida libre izatea bermatu dugu". Beti adierazpen askatasunaren alde egin dutela dio.
Aurreko legegintzaldian bai, bera izan zen presidentea, eta orduan egindako lanagatik bere kontrako auzibidea irekita dago, matxinada egotzita. Oposizioak hala egin nahi ez zuen arren, ahalbidetu egin zituen errepublikara bidean egindako hainbat eztabaida eta ekimen. Lege egituretatik abisuak ere jaso zituen, baimentzera zihoan hainbat eztabaidak ez zutela Espainiako legedian kabidarik, baina hark aurrera jarraitu zuen, argudiatuta eztabaida demokratikoa ezin dela legez kanpokoa izan.
"Motza baina bizia" izan den legegintzaldiaren balantzea egin du Forcadelek prentsaurrekoan. "Bi urtean 26 lege onartu dira". Nolanahi ere, Espainiako Auzitegi Konstituzioanalak lege horietako asko baliogabetu egin dituela salatu du, eta azpimarratu du horrek argi erakutsi duela marko autonomikoak mugak dituela.
Espainiako Gobernuak hitzari eta elkarrizketari "beldurra" diela argi gelditu da, haren arabera; baina pozik dago, elkarrizketari bide eman diotelako. Horretarako legebiltzarreko mahaiko gainerako kideen papera ere ezinbestekoa izan dela ekarri du gogora, eta eskertuta agertu da bera bezala auzipetuta dauden kideekin.
Hitzaldi telematikorik ez
Carles Puigdemontek inbestidura saioko hitzaldia telematikoki egitea da Junts per Catalunyak eta ERCk mahai gainean duten aukeretako bat; Skype bidezko bideo konferentzia baten bitartez egitea alegia. Espainiako Gobernuak, baina, hori egiteko modurik ez dagoela esan du.
Kataluniako Legebiltzarreko arautegia eta beste hainbat arautegi aztertu du Espainiako Gobernuak, eta ohartarazi du, ezin dela hitzaldia telematikoki egin. Bertan egon behar duela hitzaldia egiten duenak, eta hautagaiak berak egin behar duela hitzaldia.