Kataluniako prozesu subiranista

Forcadellen kontra egiteko eskatu dio Konstituzionalak fiskalari

Auzitegi Gorenak erreguzko eskaera egingo dio Konstituzionalari, Homsen kontra egin dezan "desobedientzia eta prebarikazioa" egotzita.

jarraia127489.jpg
2016ko urriaren 6a
19:51
Entzun

Espainiako auzitegiek Kataluniako politikarien kontra jarraitzen dute. Batetik, Auzitegi Konstituzionalak Carma Forcadell zigortu nahi du, bere aginduak ez betetzea egotzita, eta, hala egin ahal izateko, Kataluniako legebiltzarreko presidentearen kontra egiteko eskatu dio fiskaltzari, "egoki ikusten badu". Forcadell ezin dute zigortu fiskaltzak eskatu ezean, eta, oraindik egin ez duenez, zigor prozedura abiatzeko eskatu diote Konstituzionaleko magistratuek fiskaltzari. Auzitegiaren aginduak ez betetzea egozten diote, uztailaren 27an legebiltzarreko osoko bilkuran eratze prozesuari buruzko bozketa egiten uzteagatik.

Eta bestetik, Auzitegi Gorenak ere beste urrats bat egin du gaur: Konstituzionalari erreguzko eskaera egitea erabaki du Fransesc Homsen kontra egiteko desobediantzia eta prebarikazioa egotzita. Dirua gaizki erabiltzea egotzita ere zigortu nahi zuen Fiskaltzak Homs, baina Gorenak ez dio kargu hori leporatu. Beraz, espetxe zigorretik libre geldituko dela dirudi.

Konstituzionalaren debekuari muzin egin, eta 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatzen aritzea egozten dio Gorenak Homsi. Hala, bere kontra egiteko nahiko zantzu badagoela ondorioztatu du. Homs diputatua denez, Konstituzionalaren eta Espainiako Gorteen baimena behar du Gorenak bere kontra egiteko. Irailaren 19an deklaratu zuen Homsek Gorenean, eta haren deklarazioaren ostean, zigor prozedura abiatu nahi du Gorenak.

"Berriz egingo nuke"

Forcadellek esan du Espainiak "demokraziari beldurra" diola erakutsi duela, eta "adierazpen askatasunari izua". Berak legebiltzarreko araudia zorrotz bete zuela azpimarratu du, eta halaxe egingo lukeela berriz ere.

Homsek ere hitz egin du, eta esan du Espainiak "beldurtuta sartu" nahi duela Kataluniako prozesua aurrera doalako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.