Iragan astetik etengabeak dira liskarrak Parisko departamentuko iparraldean. Clichy-sous-Bois udalerrian piztu ziren istiluak, bi gazte elektrokutatuta hil zirelarik. Lekukoen arabera, Bouna Traore eta Zyed Benna Poliziarengandik ihesi zebiltzan. Lehena Malikoa zen jatorriz eta bigarrena, berriz, Tunisiakoa. Gazteek 15 eta 17 urte zituzten, hurrenez hurren. Gatazka egoeraren aurrean lasaitasunerako deia egin zuen herenegun Jacques Chirac Frantziako presidenteak. Istiluak, baina, areagotu egin dira hainbat udalerritan.
Dominique de Villepin Frantziako lehen ministroa atzo goizean bildu zen Gobernuko ministro nagusiekin. Horien artean zen Nicolas Sarkozy Barne ministroa ere. Sarkozy gogor kritikatu dute egunotan, istiluen inguruan egindako adierazpen gogorrengatik. Ministro nagusi- ekin egindako bilera horretan, istiluak izaten ari diren udalerrietako alkateak ere egon ziren. Villepin eta Sarkozy alderdikide izateaz gain, lehiakide ere badira. Biek 2007ko presidentetzarako hauteskundeetan lehiatu nahi dute. Atzo, baina, aurkakotasuna alboratu eta batasun erakutsi zuten. UMP Herritarren Mugimenduaren aldeko Batasuneko diputatu Guy Geoffroyk azaldu zuenez, bien jarreren arteko aldeak ez dira une honetan garrantzizkoena. Hala ere, Gobernuak eman nahi duten irudiaren gainetik, Sarkozy bakarrik geratzen ari da. Alderdiaren barruan bere aldekoak direnek ere kritikatu dute, egin dituen adierazpenengatik. Sutara olioa botatzea leporatu diote alderdikideek, liskarrak eragin dituzten auzoetako gazteei «jendaila» deitzeagatik.
Istiluak hamar auzotan
Sarkozyk aurreko egunetako jarrerari eutsi zion atzo. «Poliziek eta jendarmeek ongi etorriak izan behar dute gure hiri eta herrietako gune guztietan», berretsi zuen. Bien bitartean, Villepin lehen ministroak agindu zuen azaroa amaitu aurretik gazteentzako lanpostuak eta hezkuntza bultzatzeko plan bat jarriko zuela martxan.
Seine-Saint-Denisen gertatu ziren, besteak beste, istiluak atzo goizaldean. Francis Masanet Unsa polizien sindikatuko idazkari nagusiak aditzera eman zuenez, 179 ibilgailu erre zituzten eta bi suhiltzailek erredurak izan zituzten. Masanetek, era berean, bere adierazpenak neurtzeko eskatu zion Sarkozyri: «Oso erraza da gazteak zirikatu eta ondoren ohera joatea. Guk, berriz, 24 orduz aritu behar dugu egoera honi aurre egiten». Liskarrak Noisy-Le-Secen ere gertatu ziren. Suhiltzaileen kamioi bati eraso zioten eta tren baten aurkako erasoan 17 beira hautsi zituzten. Aulnay-sous-Bois udalerrian, hainbat gaztek su eman zioten auto kontzesionario bati. Bi eskolatan, postetxe batean eta saltoki batean ere kalteak eragin zituzten. La Corneueve udalerrian su eman zieten bi eraikini. Le Blanc Mesnilen, telebista kate bateko kamioi bat erre zuten eta Hauts-de-Seinen polizia-etxe bati egin zioten eraso, molotov koktelekin. Val-d'Oise, Seine-et-Marte eta Yvelinesen ere izan dituzte liskarrak egunotan. Clichy-sous-Boisen, istiluak hasi ziren auzoan, liskar giroan daude oraindik. Hain zuzen ere, Clichy-sous-Boisen elektrokutatuta hil ziren bi gazteen heriotzaren ikerketa abian jarriko dute. François Molins Bobignyko fiskalak agertu zuenez, bi gazteak arriskuan zeudela jakin arren laguntza ez emategatik ikertuko dituzte poliziak. Argitu zuenez, Polizia ez zen elektrokutatuta hil ziren bi gazte haiek jazartzen ari. Soziologoen iritziko, arazoaren sustraia Frantziako hainbat udalerritan azken 25 urteotan izan den bazterketa da. Hainbat udalerritan etorkin asko bizi dira eta gazteek lana aurkitzeko arazo larriak dituzte. Polizia haien arazoen eragiletzat jotzen dute.
FRANTZIA . Bere jarrera gogorra dela-eta, bakarrik geratu da Sarkozy
Soziologoek diote Parisko hainbat udalerritan azken 25 urteetan izan den bazterketa sozialak eragin dituela egunotako liskarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu