Elkarrizketa horiek ez dira Frantziako Gobernuak nahi bezala hasi, ordea. Hain zuzen, Martinika, Guadalupe eta Reunion uharteetako sindikatu nagusiek uko egin diote elkarrizketa horietan parte hartzeari. «Estatuak dena aitzinetik erabakia du», dio LKPko bozeramaile Elie Domotak. LKP da urte hasieran Guadalupen 44 eguneko greba orokorra bultzatu duen mugimendua.
Uharteko sindikatu, elkarte eta mugimendu politiko andana batek bat egin zuen mugimenduarekin. 146 aldarrikapen egin ditu LKPk, bizi maila, soldata, etxebizitza, garraioa, irakaskuntza, lanbide prestakuntza, enplegu politika, zerbitzu publikoak, lurralde antolaketa, osasuna eta kultura arloetan.
Funtsean, uharteak jasaten duen dependentzia eta garapen faltagatik sortu da mugimendua. Inportazioen -eta, ondorioz, prezio garestien- menpe egoteko ordez, ekoizpena bultzatu nahi dute Frantziaren menpe diren uharteek. Aldarrikapen aipatuena soldatak 200 euroz igotzea zen. 2009ko otsailaren 26an izenpetutako akordio batek soldata igoera hori aipatzen zuen. Baina Frantziako Gobernuak neurri hori hiru urtera mugatzea erabaki duela salatu du LKPk.
Bilakaera instituzionalak
Gainerako puntuak aipatzeko asmoz, Nicolas Sarkozyk elkarrizketa fase bat iragarri zuen. Baina 200 euroko soldata igoerarekin gertatu den gisan, Frantziako Gobernuak erabakiak bakarrik hartuko dituela salatu dute uharteetako erakundeek. Bilerak, ontsalaz, ekaina bukaeran amaituko dira, Europako hauteskunde garaian atsedenaldi bat hartu eta gero. Frantziako ministroak uztail hasieran bilduko dira, proposamen batzuk egiteko.
Prozesu horrekin ez dira ados mugimendu sozialak, dena Frantziako Gobernuak antolatzen duela salatuz. Michele Alliot-Marie Frantziako Barne ministroak erran du eztabaida horietan ez parte hartu nahi izatea «hanka sartzea» dela. «Ez da egia dena aitzinetik erabakia dela. Gai guztiak irekiak dira».
Zortzi galderen inguruan iraganen da eztabaida. Frantziako Gobernuak dio uharte horien «kudeaketa» ere aipagai izanen dutela. Eta eztabaida horrek «bilakaera instituzional» batzuk eragin ditzaketela aditzera eman du Sarkozyk. «Ez da tabu bat».
Zer da DOM-ROM?
Frantziaren menpeko itsasoz haraindiko lau departamendu daude: Guadalupe, Guyana, Martinika eta Reunion. Kolonia frantziarrek beste bi estatus dituzte: kolektibitateak (COM) eta herrialdeak (POM). Polinesia Frantsesak herrialde estatusa 2004tik du -bakarra da-.Eztabaidarako zortzi galdera nagusiak
EKONOMIANola apaldu prezioak?
Nola mugatu inportazioak eta nola emendatu tokiko ekoizpenak?
AZPIEGITURAK
Zer proiektu egituratzaile egin lurralde bakoitzaren etorkizunerako?
ERAKUNDEAK
Nola hobeki antolatu kolektibitateen kudeaketa eta Estatuarena?
Zer harreman garatu behar da itsasoz haraindiko lurralde bakoitzaren auzoekin?
SOZIALA
Nola bultzatu elkarrizketa soziala eta lanbide prestakuntzarako aukera?
Nola hobetu gazteen integratzea eta nola bermatu aukeren berdintasuna?
KULTURA
Zer lan egin memoria, kultura eta nortasuna berradiskidetzeko?
Myrlin Davile.Guadalupeko LKP mugimenduko kidea
«Mugimendu honek sistema kolonialaren gabeziak erakutsi ditu»
E. B. BaionaGuadalupeko UGTG sindikatuko nazioarteko arduraduna da Myrlin Davile. Euskal Herrian ibili da egun hauetan, LABek gonbidaturik. CGTG sindikatuarekin batera, LKP mugimendu zabalaren sustatzaile bat da UGTG. Guadalupen egindako 44 eguneko greba orokorraren ondotik, eztabaida prozesu bat iragarri zuen Nicolas Sarkozyk. LKPk ez du parte hartu.
LKPk ez du parte hartuko kolonien geroaz aritzeko elkarrizketetan edo eztabaida prozesuan. Zergatik?
Eztabaidak jadanik hasiak genituelako. Abenduaren 5ean hasi ziren, Guadalupen. Hastapenean, elkarteak, sindikatuak eta erakunde politikoak bildu ziren. Eraikuntza fase bete-betean gaude. Aste honetan hasi diren elkarrizketak Nicolas Sarkozyk bultzatutakoak dira, Parisen egiten direnak. Horrek ezin du Guadalupeko herria interesatu. Beste aldi batez gehiago, Frantziako Estatuak bideratuko ditu horrelako eztabaidak, baina ez diote ezer ekarriko Guadalupeko herriari.
Zein izanen dira Sarkozyk bultzatutako elkarrizketa horietan ez parte hartzearen ondorioak? Erabaki batzuk hartzen badituzte, eta ez bazaudete ados, ez parte hartu izana lepora diezazuekete?
Herriak finkatuko du elkarrizketen egutegia. Guadalupearrek elkarrizketa horiek 2008ko abenduaren 5ean hasi zituzten. Mugimenduak ongi erakutsi du Guadaluperen kudeaketa bere esku baizik ez daitekeela izan.
Gehien aipatu den aldarrikapena soldatak 200 euroz igotzearena da. Baina anitzez gauza gehiago aldarrikatzen duzue.
Erretretan den zaharrak ez du soldatarik, baina harentzat bizia langileentzat bezain garestia da. Elbarritua den batek 450 euro eskuratzen ditu. Horrekin ezin du bizi. 18 eta 25 urte bitarteko gazte batek ez dauka RMI gutxieneko errentarako eskubiderik. Ikasketak huts egin baditu eta ez badauka lanik, ez dauka dirurik. Zer eginen du? Lapurtu? Prostituitu? Guadalupeko gazteek ez dute lapurtu nahi, ez dute prostituitu nahi, ez dute zakarrontzietatik jan nahi... Borrokatu nahi dute, bizitzeko.
Mugimendu eta egoera sozial horren gibelean Frantziarenganako menpekotasuna al dago?
Egoera koloniala dago egoera horren atzean, dudarik gabe. Ez balitz egoera kolonial hori izan, mugimendu hori ekidin genezakeen, hein batez. Sistema kapitalistaren kontrako mugimendua gertatuko zen, baina erabakiak ez balira guregandik 8.000 kilometrotan hartzen, mugimendua ez zen den bezalakoa izanen. Mugimendu honek sistema kolonial honen gabeziak erakutsi ditu.
Erabakigunea 8.000 kilometrotan izanik, autonomia gehiagoren aldarrikapena egiten duzue?
Ezkerreko boto emaileak, eskuinekoak, independentziaren aldekoak, autonomiaren aldekoak, status quo-aren aldekoak, fededunak, fedegabeak, gazteak, ez hain gazteak... denak hasi dira kohesio sozial bat sortzen. Funtsezko arazo bat badagoela ikusten dute. Elkarrekin daramagun borroka horrek Guadalupeko arazo bikoitza konpontzea ahalbidetuko du: gizarte kolonialarena eta gizarte kapitalistarena.
Patrick Dore. Martinikako UGTM sindikatuko idazkari nagusia
«Holako elkarrizketak mugimendu sozialarekin antolatu behar dira»
E. Bidegain BaionaPatrick Dore Martinikako UGTM sindikatuko arduraduna da, eta Euskal Herrian dago egun hauetan. Ostegunean hitzaldi bat eman zuen Baionan. Azken hilabeteetan Martinikan ere izandako mugimenduko parte da UGTM.
Zer harreman daukazue Guadalupeko mugimenduarekin?
Anai-arrebak deitzen diogu elkarri, elkarrengandik hurbil baikaude eta historiak batu baikaitu, kolonizatzaile bera dela eta. Baina herri bakoitzak bere kultura dauka. Borroka honetan ere kolonialismoak batzen gaitu. Frantses kolonialismoak antzeko egoera ekonomiko eta politikoak sortu ditu gure herrietan, eta horrek eragin du herriaren ekintza. Guadalupeko mugimenduak Martinikakoan eragin handia izan du, lehen egunetik jarraitu baitugu han gertatzen zena. Baina Martinikan ere bazegoen mugimendu bat aspaldi hartan. Sindikatuek 2007tik hona zeukaten buruan holako mugimendu bat piztea.
Mugimendu horiek guztiak ia aldi berean gertatzeak zer garrantzi dauka, itsasoz haraindiko uharteek Frantziarekin duten harremanei begira?
Nazioarteko krisi erdian, herri hauen egoera kolonizatuarekin, herri horiek guztiek etorkizunerako perspektibarik ez daukate. Horrek azal ditzake konbergentzia hori eta gure arteko loturak. Herri horietako egoera orokorraren eta herritarren sufrimenduaren eraginez lortu du oihartzun hori sindikatuen mezuak. Horrek ahalbidetu du mugimendu hori esparru sindikaletik at zabaltzea. Funtsean, sindikatuek ulertu dute herri horietan ezin dela borroka sindikalik egin soldataren gaineko aldarrikapenetara mugatuz. Herriaren errealitatean oinarritu behar da, egoera koloniala aipatu behar da. Horregatik, mugimendu sindikalak beste izari bat eman behar dio borrokari: herri honen ezagupenarena. Gure herrien egoerak erantzun berezia eskatzen du.
Mugimendu horiek Frantziaren itsasoz haraindiko politikari zilegitasuna kendu al dio?
Argi eta garbi. Beti erraten dugu etsaia alde guztietatik une berean jo behar dela. Horregatik dauzkagu harremanak gure artean. Noizbait arazoa modu ahal bezain orokorrean pausatu behar da. Historiak egin du mugimendu horiek une honetan gertatu direla. Arazoa ez da Martinikarena bakarrik, baizik eta gu bezalako uharte guztiena. Ez da gizarte arazo bat bakarrik, baizik eta herri horien askatasun arazo bat eta orain arteko Frantziako Gobernuen politiken huts egite arazo bat. Orain, Frantziako Gobernuak gure protesta gutxietsi nahi du, baina funtsezko galdera hau da: zein izan behar dira Frantzia kolonialaren eta askatasuna nahi duten kolonia horien arteko harremana?
Sarkozyk abiatu elkarrizketetan ez parte hartzeak zer ondorio izan dezake?
Elkarrizketa horiek Frantziako Gobernuak gure herrien mobilizazioari emandako erantzun bat dira. Hori kontuan hartzen dugu. Baina erantzuna Frantziako Gobernuak antolatu du, bere ikuspegitik begiratuz. Ondorioz, arazoa sortzen du. Guk errana genuen, holako elkarrizketak mugimendu sozialarekin antolatu behar zirela, eta ez mugimendutik kanpo, Parisera joateko eskatuz. Frantziako Gobernuak elkarrizketa horietatik landa proposamenak aurkeztuko ditu. Hori, atzerakada bat litzateke gure mugimenduarentzat.
Erran nahi duzu elkarrizketa horiek ez dutela bermatuko zuen aldarrikapenei erantzun bat ematea?
Gauzak bereizi behar dira. Gu negoziazio fase batean gaude, egunero ari gara negoziatzen, eta ezin dugu aldarrikatze, negoziazio, aterabide eta, beharrez, hautsi-mautsi dinamika fase batetik horrelako bigarren fasera pasa, lehena bukatu gabe. Gainera, aldarrikapenak eta negoziazioak jarraitzea da gure ardura eta eginkizuna. Herritarrek ardura hori eman digute, eta ez lukete ulertuko negoziazio horiek utzi eta Parisera joan gaitezen elkarrizketa horietara.