Alemaniak Maliko auzirako soldaduen garraiorako bost hegazkin jarriko ditu Frantziaren eta Afrikako beste herrialde batzuen eskura, ekintzaile islamistei aurre egiteko azpiegitura gehiago eta hobeak izateko asmoz. Hala jakinarazi die gaur Thomas de Maiziere Alemaniako Gobernuko Defentsa ministroak parlamentuko taldeei, Berlinen.
De Maizierek eta Guido Westerwelle Atzerri ministroak gero egingo dute jendaurreko jakinarazpena.
Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak Boli Kostako eta CEDEAO Afrika Erdialdeko Estatuen Elkarte Ekonomikoko presidente Alassane Ouattararekin bilduko da Maliko auziaz hitz egiteko. Alemanian dabil Ouattara, bisita ofizial batean.
Frantzia hamabi gerra hegazkin ari da erabiltzen Malin, eta 500 bat soldadu. Baina hurrengo egunetan 2.500 izatera iritsiko direla aurreratu dute hainbat egunkarik. Senegalek ere 500 soldadu bidaliko ditu auzoko herrialdera. Aljeriak, berriz, Malirekiko muga itxi zuen. CEDEAOko herriek 3.000 soldadu baino gehiago bidaliak dituzte Malira.
Frantziako Defentsa ministroaren eta Hollanderen iritzi desberdinak
Malin esku hartze motza egin nahi duela esan zuen atzo François Hollande Frantziako presidenteak: "Ez goaz geratzeko", esan zuen. Gaur, baina, bestelakoa esan du Jean-Yves Le Drian Defentsa ministroak: "Lehengo astean baino jarrera hobean gaude, baina borrokak aurrera jarraitzen du eta, uste dudanez, iraun egingo du".
Ekintzaile islamistak "suntsitzea" da Frantziaren esku hartze militarraren lehen helburua, biek aitortu dutenez. Frantziar soldaduak Mali iparraldera bidean dira, berri agentzien arabera.