Frantziak ez ditu erretiratuko aurten soldaduak Afganistandik

Misioaren amaiera urtebete aurreratzea erabaki du Sarkozy presidenteak; 2014a baino lehen itzuliko dira azken soldaduakAfganistani segurtasunaren ardura emateko prozesua azkartu nahi du Parisek

2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Hamid Karzai Afganistango presidentearekin Eliseoan bildu ondoren, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak iragarri du Afganistango misioa hitzartutakoa baino urtebete lehenago amaituko duela eta 2013 amaierarako soldaduak erretiratuko dituela. Iragan astean, baina, aurten bertan soldadu guztiak herrialdetik ateratzeko mehatxua egin zuen Parisek, Afganistango soldadu batek Frantziako lau soldadu hil ondoren. NATOren presioa ikusirik, ordea, atzera egin du Sarkozyk, eta tropen erretiratzea urtebete aurreratu badu ere, gaur bertan berriz ere martxan jarriko ditu etenda dauden operazio militarrak eta soldaduak trebatzeko lanak. Bestalde, presidentetzarako bozak ate-joka ari dira, eta Frantziako hedabideek diote horiek ere zerikusia izan dutela erabaki horretan.

«Segurtasun baldintzak ez badira argi ezartzen, Frantziako armadak itzulera aurreratuko du, eta, bitartean, operazio guztiak eten ditugu», esan zuen iragan astean Sarkozyk soldaduen hilketaren berri eman ondoren. Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak, baina, berehala gogorarazi zion Afganistanekiko duten «konpromisoa». «Bere segurtasunaren ardura duen herrialde bat eraikitzen laguntzeko konprometituta jarraitzen dugu», adierazi zuen Rasmussenek, eta Frantziari erretiratzea aurreratzea ez zaiola komeni ere esan zuen Le Monde egunkariari eskainitako elkarrizketan. Hori horrela, Sarkozy erdibidean geratu da. Ez du itxarongo 2014ra arte, baina ez ditu aurten etxeratuko Afganistanen jarraitzen duten 3.600 soldaduak.

«Ez gara okupazio indar bat»

Afganistanek bere segurtasunaren ardura hartzeko prozesua azkartu nahi du Frantziako presidenteak. «Ez gara okupazio indar bat, eta ez dugu herrialdean geratzeko asmorik». Trantsizioa aurrera egiten ari dela dio Sarkozyk, eta argudiatu du herrialdeak gutxika ardura gehiago hartzeak aukera ematen duela soldaduak lehenago erretiratzeko. NATOko gainontzeko herrialdeek ere egutegi berriarekin bat egitea nahi du, eta 2013. urtean Afganistango armadari segurtasun eskumena eskualdatzeko gogoeta egiteko eskatu dio aliantzari Parisek. 2013. urtean, gainera, ez ditu soldadu guztiak erretiratuko, adierazi baitu urte horretatik aurrera «ehunka gutxi batzuek»herrialdean jarraituko dutela formazio lanetan. 2014. urtean Afganistanek bere segurtasuna bermatuko duela nabarmendu du.

Presidenteak dio Frantziako soldaduek lan ona egin dutela herrialdean eta horri esker aurtengo martxoan Kapisa eskualdeko segurtasunaren ardura Afganistango armadaren esku utziko dutela. Ondorioz, aurten abuztuan iragarri baino 400 soldadu gehiago itzuliko ditu Frantziara: mila soldadu erretiratuko ditu 2012an. Horrez gain, Sarkozyk jakinarazi du misioa amaitu bitartean Karzaik «segurtasun bermeak» eman dizkiola herrialdean lan egiteko.

Karzaik, berriz, aitortu du «alde guztiek eskatu» dutela Afganistanek bere herritarren babesaren ardura hartzea. Frantziak proposatu duen egutegia «arrazoizkoa» iruditu zaio Afganistango presidenteari, eta adierazi du herrialdea egonkortzeko nahikoa denbora izango duela. Fraçois Fillon Frantziako lehen ministroa, Gerard Longuet Defentsa ministroa eta Alain Juppe Atzerri ministroa ere bilera horretan izan dira. Juppek, hain justu, iragan astean esan zuen «presaka» erretiratzeak Frantziari segurtasun arazo gehiago ekar diezazkiokeela.

Hollanderen agintza

Datorren apirilean egingo dituzten presidentetzarako bozetara begira dago, jada, Sarkozy. Afganistango erretiratzea urtebete aurreratzeko erabakia, hain justu, sozialistekin duen lehiara begira hartu duela diote hedabideek Frantzian. Izan ere, François Hollande PS Alderdi Sozialistako hautagaiak hitzemana du bozak irabaziz gero aurten bertan erretiratuko dituela tropak.

Sarkozyren gobernuak gogor kritikatu du Hollanderen estrategia, eta nabarmendu du Afganistango misioa ez dagoela bukatuta. Sarkozy, baina, kezkatuta dago PSko hautagaiarekin, geroz eta alde handiagoa ateratzen baitio. Azken inkestaren arabera, herritarren botoen %31 lortuko ditu Hollandek eta %25 egungo presidenteak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.