Frantziak ez du bozkatuko Segurtasun Kontseiluan

Londres eta Bogota ere abstenitu egingo dira Palestina NBEko eskubide osoko estatu kide egiteko bozetan

2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 11n aurkeztuko du Palestina erakundeko eskubide osoko estatu kide egiteko proposamena; aldez aurretik, baina, Segurtasun Kontseiluak bozkatu behar du eskaera aurrera doan ala ez. Frantziak abstenitu egingo dela iragarri du dagoeneko, AEBek beren beto eskubidea erabiliko dutelako; beraz, Palestinak ez du NBEn kide oso izateko aukerarik izango. «Palestina NBEko kide bilakatuko balitz, nazioartean estatusa igotzea lortuko luke, eta hori beharrezkoa dela uste dugu. Baina ibilbide horretan, Segurtasun Kontseiluko bozketa onarpenerako pauso gehigarri bat baino ez litzateke izango, eta, beraz, ez dugu bertan parte hartuko», azaldu dute Frantziako Diplomaziako iturriek. Erresuma Batuak eta Kolonbiak ere iragarri dute ez dutela botorik emango.

Frantziarentzat «eztabaidaezina» da Palestinak estatu gisa onartua izateko duen nahia, baina NBEn sartzea «zailagoa» izango duela uste du, AEBek Israelekin duten harremanagatik eta horrek erabaki horren gain eragiteko duen gaitasunagatik. Gainera, kezka azaldu du Israelen eta palestinarren arteko bake prozesuaren bilakaeraren inguruan, uste duelako Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak aurkeztutako NBEko kide izateko eskaerak bi herrialdeen arteko harremana okerrera eraman dezakeela.

Erresuma Batuko Atzerri ministro William Haguek, berriz, datorren asteazkenean emango ditu boza ez emateko erabakiaren gaineko azalpenak.

51 palestinar, aske

Palestinarren eta Israelen arteko gatazkak aurrera jarraitzen duen bitartean, Jerusalemek jakinarazi du Zisjordanian prebentzio moduan kartzelan zeuden 51 palestinar aske utziko dituela datozen egunetan. 2000 eta 2005 bitartean jazotako Bigarren Intifadarekin lortura izateagatik egon dira atxiloturik, Juneideko kartzelan. Horietako 30 Zisjordaniako Nublus hirian erroldatuko dituzte, haiek nahi ala ez; gainerako 21ek «erabateko askatasuna» jasoko dute, eta libreki mugitu ahal izango dira.

Israelek maiz ematen dituen «amnistien» harira askatu dituzte. Dena den, noiz egingo diren ez du erabat zehaztu oraindik Israelek.­
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.