Frantziak kalte-ordaina emango die saio nuklearren biktimei

Lehen aldiz onartu du Aljerian eta Polinesian egindako saioek eragin dituztela soldaduen eta zibilen gaixotasunak

Erredakzioa
2009ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak kalte-ordaina emango die Aljerian eta Polinesian egindako saio nuklearren ondorioak pairatu dituzten biktimei. Hala jakinarazi zuen atzo Herve Morin Frantziako Defentsa ministroak. Gobernuak kalte-ordain sistema bat prestatu duela azaldu du Morinek: «Bidezkoa baina zorrotza».

Orotara, saio nuklearren eraginak jasan ahal izan dituzten 150.000 langile zibil eta militarrek jasoko dute kalte-ordaina. Defentsa ministroaren hitzetan, kopuru horri, frogak egin ziren uneko Aljeriako eta Polinesiako biztanleak gehitu behar zaizkio. «Orain arte ez bezala, hemendik aurrera auzi-jartzaileak ez du frogatu beharko irraden eta gaixotasunaren areko kausalitatea», azaldu du. Frantziak lehen aldiz onartu du saio nuklearrek eragin zuzena izan dutela soldaduek eta zibilek dituzten gaixotasunetan.

Morinen arabera, medikuek eta magistratu batek osatutako batzorde independente batek banan-banan aztertuko ditu kasu guztiak. Arrazoia ematen badiete «kalte-ordaina osoa izango da». Oraingoz, hamar milioi euroko diru sorta bideratu dute kalte-ordain sistema horretarako.

Etzan eta begiak estali

Frantziak 210 saio nuklear egin zituen Aljerian 1960tik 1966ra, eta gero Polinesian 1966tik 1996ra. Proba horietan lan egin zuten hainbat beteranok emandako testigantzaren arabera, leherketen unean lurrean etzan eta begiak tapatzeko agindua eman zieten. Soinean galtza motzak eta elastikoak baino ez zituztela azaldu dute. Michel Verger beteranoakbiktimen elkartea zuzentzen du orain. Aljeriako lehen bi saioetan parte hartu zuen berak. Lehenengo saioan Hiroshiman jaurti zena baino bonba indartsuagoa eztandarazi zen. «Pozik gaude. Batez ere, gaixotasun hauek zerk eragin dituen idatziz aitortu delako azkenean», azaldu du.

Saio nuklearretan lan egin zutenek eta inguruan bizi zirenek urteak pasatu dituzte osasun arazoengatik kexatzen. Leuzemia eta bestelako minbizi kasuak izan dituzte gehienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.