Europako Legebiltzarrean, Estrasburgon, ateak itxita bildu ziren atzo, eta batzarrean jakinarazi zuten frogak daudela Frantziak ijitoen kanporatzeekin Europako legedia urratu duela esateko. Hala jakinarazi zuen Viviane Reding Europako Batasuneko Justizia komisarioak. Redingek eta Barne komisario Cecilia Malmstromek Parisen jokabideaz Brusela egiten ari den azterketaren berri eman diete Europako Legebiltzarreko Askatasun Zibiletako batzordekideei.
Bileran partaide zen Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiako eurodiputatu sozialistaren esanetan, Europako Batzordeko kideek zehaztu dute seinale argiak daudela Frantziak Europako Batasuneko zuzenbide araudia hautsi duela esateko. Jokaera horren froga argiena litzateke Frantziako Barne Ministerioak joan den agorrilaren hasieran prefetei bidalitako agindua. Mezu honetan Frantziako Gobernuak departamentuetako bere ordezkariei manatzen die «irmo eta azkar» jokatzeko, legez kanpoko kanpamenduak eta «bereziki ijitoenak» desegiteko lanean. Parisko aginteak geroztik birmoldatu duen agiri hau «argiki baztertzailea» dela azaldu du Aguilarrek. «Honetan ez da zehazten kanpamenduak desegin behar direnik lege hauste zehatzak egon direlako, baizik eta gizatalde jakin batenak direlako».
Europako Legebiltzarrean atzo egindako bileraren helburua argibideak ematea zelarik, iraila honen 29an Europako Parlamentuko batzorde honen eta Europako Batzordearen artean egitekoa den elkartzean jakiterat emango dute, aldiz, Frantziaren aurka espediente bat zabalduko duten ala ez, Europako Batasunaren zuzenbide arauak hausteagatik.
Atzera pausoak
Europako Batzordeak zein ere Parlamentuak Frantziari azken aldiotan zuzendutako kritikei gehitu zitzaizkien atzo Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako komisarioak eginikoak. Thomas Hammarbergek, haatik, auzitan jarri du, ijitoen aurkako neurriez haratago, Frantziako Gobernuak Batzar Nazionalari aurkeztu dion immigrazioari buruzko lege proiektua.
«Orain arteko legediarekin alderatuta, proposamen horretan eginiko aldaketa asko atzera egite argiak dira», adierazi du Thomas Hammarbergek. Giza eskubideen komisarioak «atzera egite» gisa ikusten du, esaterako, prefetek immigrante bati Frantzian hiru urtez geratzeko debekua ezarri ahal izatea. «Atal honek Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urra lezake», ohartarazi du Hammarbergek. Honen iritziz, beraz, «Frantziak aldaketak egin beharko ditu immigrazioari buruzko legedian, Europako Batasuneko araudiekin egokituko bada».
Frantziak kanporatzeekin legea urratu duen frogak dituela iragarri du Bruselak
Europako Batzordeak hilaren 29an ebatziko du ijitoen kanporatzeak direla-eta espedientea zabaltzen dion Parisi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu