Erabakia urrirako espero zen, baina Midi Libre egunkariak jakinarazi duenez, Frantziako Estatu Kontseiluak espero baino lehenago ofizial egin du Okzitania eskualdea. Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrenees eskualdeak hartzen ditu Okzitaniak, eta Tolosa izanen du hiriburu.
Irailaren 2an Ipar Kataluniako Perpinya hiriburuan manifestazio handi bat egin zuten asmoaren aurka; eskualdeari Okzitania-Herrialde Katalana izena ematea aldarrikatu zuten, Frantziak ez zezan Ipar Katalunia ikusezin bihurtu.
Sektore okzitanistek, berriz, Okzitania izena eragotzi nahi zuten, Okzitaniaren lurraldea Frantziak ezarritako eskualdea baino zabalagoa baita.
Orain arte Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrenees eskualdeak zirenak bilduko ditu eskualde berriak (lehenengoaren barruan zegoen Ipar Katalunia), eta hamahiru departamentu hartuko ditu baitan. Okzitania izena Internetez egindako bozketa batean nagusitu zen.
Okzitania-Herrialde Katalana izena laugarren postuan geratu da, baina Ipar Katalunian babes handia jaso duela zabaldu dute zenbait hedabidek. Ipar Kataluniako biztanleak, ordea, gutxiengoa dira orain makroeskualdean: 450.000 biztanle dira kataluniarrak, eta Okzitania eskualde berrian guztira, 1.500.000.