Frantziako Justiziak balekoa eman dio Manuel Antonio Noriega Panamara estraditatzeko eskaerari. Noriega Parisko Auzitegian izan da gaur, eta han jaso du erabakiaren berri. Duela astebete AEBek diktadorearen aurkako bigarren estradizio eskaeraren tramitazioa hasteari baimema eman zioten.
"Panamara itzuli nahi dut, errugabea naizela erakusteko", esan du Noriegak. Haren abokatu Olivier Metzner gustura azaldu da, "arazo tekniko guztiak konpondu baitira, eta Frantziaren dekretua lortu ondorengo egunean egin daiteke trasladoa".
Noriega Panama hiriburuan jaio zen 1934an eta karrera militarra egin zuen, armadan ardura handiko postuetara iritsi arte; besteak beste, inteligentzia zerbitzuetako buruzagitzara. 1983tik 1989ra Panamako diktadurako buru izan zen. Zenbait adituren arabera, AEBetako inteligentzia zerbitzu CIAko kide izan zen Noriega, eta hain zuzen, Washintonek lagundu zuen Panamako agintaritzara iristen.
Baina AEBek eurek kendu zuten Noriega boteretik 1989an: narkotrafikoarekin zerikusia izatea leporatu, eta oposizioko hautagai Guillermo Endara bultzatzko saioak huts egin ondoren, indarrez sartu ziren Panamara. Inbasioaren ondorioz hainbat heriotz gertatu ziren, eta Noriega atxilotu egin zuten. 1993an epaitu zuten Miamin droga trafikoa, eta, zehazki, Kolonbiako Medellingo cartel-arekin zerikusia izatea leporatuta. 40 urteko espetxe zigorra ezarri zioten (gero 20ra jaitsi zioten portaera onagatik).
17 urte egin zituen Miamiko espetxean, eta iazko apirilean Frantziara estraditatu zuten.