mundua

Frantziak uste du Maliko iparraldea "berreskuratzeko" parte hartu beharko dutela

Nazioartearen operazio militarra datozen asteetan izango litzateke, Fabius Atzerri ministroak esan duenez. Frantziaren ustez, eremua Al-Qaedarekin lotutako taldeen eskuetan dago.

2012ko urriaren 30a
10:39
Entzun

Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak adierazi du Maliko iparraldea "berreskuratzeko" nazioarteak militarki parte hartu beharko duela hurrengo asteetan, eremu hura Al-Qaedarekin lotutako taldeen eskuetan dagoela iritzita. "[Parte hartzea] Lehenbailehen bada, hobe", esan du Fabiusek France2 telebista katean.

Haren arabera, hilabete barru-edo NBE Nazio Batuen Erakundean bozkatzeko plan bat aurkeztuko dute erakundeko herrialdeek, eta han erabakiko lukete Malirako zer neurri hartu. Batetik, Maliren "boterea politikoki indartzeko" mekanismoak zein liratekeen zehaztuko lukete, eta, bestetik, militarki nola parte hartu erabakiko lukete.

Jean Yves Le Drian Frantziako Defentsa ministroak, dena dela, ez du datarik eman nahi izan beste elkarrizketa batean. "Ez litzateke komenigarria izango [datak ematea]", esan du France Inter irrati katean. Baina operazioa "beharrezkoa" dela adierazi du. "Armekin, drogarekin eta pertsonekin trafikatzen duten ehunka fundamentalista daude han, taldeetan antolatuta".

Le Drianek dio Al-Qaedak babesten dituela talde haiek eta, ondorioz, Maliko iparraldea Afrikarentzat eta Europarentzat mehatxu bihurtzen ari dela.

Afrikako herrialdeekin elkarlanean aritzeko itxaropena agertu du Defentsa ministroak.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.