Frantziako energia nuklearra murriztea «erokeria» da Sarkozyrentzat

Fraçois Bayrou zentroko alderdiko buruak iragarri du 2012ko presidente bozetara aurkeztuko dela

Erredakzioa
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Energia nuklearraren inguruko eztabaidak indarrez jarraitzen duFrantzian. Sozialistek eta Berdeek lehengo astean egindako akordioaren harira, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak argi adierazi du estatuko energia nuklearraren kontsumoa jaistea «erokeria» litzatekeela, bereziki enpresetako erabilera gutxituko litzatekeelako, eta horrek enpresok atzerrira joatea eragingo lukeelako. «Sozialisten eta berdeen asmoa ez da energia nuklearraren erabilpena gutxitzeko plana proposatzea. Energia mota hori erabat uzteko prestatu nahi dute Frantzia», nabarmendu du. Atzo egin zituen adierazpenok Sarkozyk, Arevako zentral nuklearrean.

Eztabaida piztu duen akordioa joan zen astean sinatu zuten PS Alderdi Sozialistak eta Europa Ekologikoa-Berdeak alderdiek, parlamenturako bozetara batera joateko. Adostutakoaren arabera, zentro-ezkerra boterera iritsiz gero, Frantziaren zentral nuklearren kopurua 58tik 24ra jaitsiko da 2025. urterako. Gaur egun, herrialdeko energia elektrikoaren %75 sortzen dute, eta %50era jaistea da asmoa. Egun, munduko bigarren potentzia nuklearra da Frantzia, AEBen atzetik, eta sektore industrial garrantzitsua da.

Sarkozyk agerian utzi du, hain zuzen, sektore hori babesteko beharra. «Uneotan, Frantziako enpresek Alemaniakoek baino bi aldiz merkeago eskuratzen dute elektrizitatea, eta hori ezinbestean mantendu behar dugu produktu frantsesen lehiakortasuna bermatzeko».

«Ezustekoa» emateko

Bestalde, presidentetzarako 2012ko bozetan hautagai gisa aurkeztuko dela iragarri du François Bayrou UDF alderdi zentristako presidenteak. Azken galdeketen arabera, baina, zaila izango du, Sarkozy kontserbadorearen eta Fraçois Hollande sozialistaren arteko lehiatik kanpo geratuko dela aurreikusten baitute. Le Figaro egunkariko inkesten arabera, bozen %30 lortuko ditu Hollandek, eta %26 Sarkozyk. Hirugarren lekuan, gainera, Marine Le Pen ultraeskuindarra dago, %18ko babesarekin.

Bayrou (60 urte) hirugarren aldiz aurkeztuko da presidentetzarako bozetara. 2007. urtean hirugarren gelditu zen, eta ordukomoduko «ezustekoa» eman nahi du. «Frantziako zentroak ez du buru argirik, eta leku hori nik beteko dut», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.