Liskarrak Frantzian

Frantziako Gobernuak neurri gogorrak hartu arren liskar giroa ez da baretzen

Azken bi asteetako eraso eta liskar giroari aurre egiteko indarrean oinarritutako neurri gogorrak hartzen ari dira Frantziako agintariak, baina, hala ere, giroa ez da baretzen. DGNP Poliziaren Zuzendaritzak emandako datuen arabera, 502 auto erre dituzte bart gazteek eta 206 lagun atxilotu dituzte; hots, bezperan baino erreketa zein atxiloketa gehiago izan dira. Agintariek hartu dituzten neurri gogorren artean, gaur goizean hasi eta bihar iluntzea arte Parisen debekatua dago elkarretaratzeak egitea.

2005eko azaroaren 12a
17:37
Entzun
Finean, jendea ezingo da multzoka bildu, eta agindu hori hautsiz gero, zortzi eguneko espetxe zigorra eta 3.700 euro arteko isuna jaso daiteke. Era berean, 3.000 bat polizia dabiltza Parisen istilurik gerta ez dadin zaintza lanak egiten.

Neurri gogor horiek justifikatzeko, Frantziako Gobernuak agertu du Parisko eraikin eta erakunde publikoei eraso egiteko deia zabaltzen zuten SMS bidezko hainbat mezu atzeman dituztela, eta mugimendu antolatu bat dagoela horren guztiaren atzean.

Nolanahi ere, kontrol bide zorrotz horiek indarrean jarri arren, ez dute lortu liskar giroa baretzea. Aitzitik, DGNP Poliziaren Zuzendaritzak eman dituen arabera, bart gauean bezperan baino auto erreketa eta atxiloketa gehiago gertatu dira. Istiluak Parisen eta inguruetan hasi baziren ere, eskualde hori lasai samar dago azken egunotan, eta iskanbila handienak beste hirigune batzuen inguruan ari dira gertatzen, hala nola, Lyon, Marseilla eta Tolosan.

Frantziako auzo behartsuetako gazteen errebolta urriaren 27an hasi zen Parisen periferian, baina dagoeneko Frantziako Estatu osora zabaldu da. Baztertuta, lan aukerarik gabe, baldintza kaskarretan, arrazakeriaren oinarritutako aurreiritzien menpe eta Poliziaren jazarpenaren pean bizi direla salatzen dute gazte horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.