Armeniako genozidioaren ukazioa zigortzeak gizabanakoaren adierazpen askatasuna urratzen du Frantziako Auzitegi Konstituzionalaren arabera. Beraz, Parisko parlamentuak urtarrilaren 23an onartutako legea atzera bota du Justiziak, inkonstituzionala dela argudiatuta. 1915ean Otomandar Inperioak armeniarren kontra genozidioa egin zuela ukatzen zuenarentzat, urtebeteko kartzela zigorra eta 45.000 euroko isuna jasotzen zituen legeak.
Legearen onarpenak tenkatu egin zuen Parisen eta Ankararen arteko harremana. Izan ere, Turkiak ez du onartzen 1915ekoa genozidioa izan zenik —1,5 milioi armeniarretik gora hil zituzten—. Hilketak egon zirela aitortu arren, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan kokatzen du Ankarak sarraskia. Frantziak legea onartuaz bat, Turkiak etentzat jo zituen harekin zituen harreman diplomatikoak, nahiz eta bi herrialdeak NATOko kideak izan.Esaterako, Frantziako ontzi militarrei Turkiako portuetan sartzea debekatu zien Ankarak.
Parisko Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari, berriz, harrera beroa egin dio Turkiak. «Erabaki positiboa» izan dela esan du Ahmet Davutoglu Atzerri ministroak, eta auzitegiko kideak zoriondu ditu. Nolanahi ere, pozak ez dio asko iraun Ankarari. Justiziaren erabakia jakiteaz bat, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak agiri bat argitaratu du, auzitegiaren epaiak «etsipen handia eta tristura sakona» eragin diola aitortuz. Genozidioa ukatzea «onartezina» dela adierazi du presidenteak, eta, horregatik, zigorra merezi duela. Auzitegi Konstituzionalaren erabakia kontuan hartuta, beste lege proposamen bat idazten hasteko eskatu dio gobernuari.
Tentsioa 2001etik
Legearen gaia berriz ere agenda politikora ekartzea «oker larria» izango litzatekeela ohartarazi dio Turkiak Sarkozyri. «Frantziako Gobernuak legea onartzeko beste bide batzuk bilatzen baditu, tentsioak bere horretan jarraituko du».
Parisek 2001ean aitortu zuen Armeniako genozidioa, holokaustoaren ostean onartutako bigarrena. Ordukoan ere, oraingoan bezala, legearen onarpenak gaiztotu egin zuen Parisen eta Ankararen arteko harremana.
Frantziako Justiziak atzera bota du Armeniako genozidioaren gaineko legea
Nicolas Sarkozyk «etsipenez» hartu du erabakia, eta beste lege bat idazten hasteko eskatu dio gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu