Frantziako Kontseilu Konstituzionalak esan du zezenketak legezkoak direla, ez direlakoan Konstituzioak dioenaren aurkakoak. Zigor Kodeak esaten du zezenketak egin daitezkeela etenik gabeko tradizioa izandako herri eta hirietan, eta kontseiluak aintzat hartu du salbuespen hori. Animalien eskubideen aldeko CRAC eta DDA elkarteek salaketa sartu ostean izan du gaia aztergai.
Zezenketak legetik kanpo uzteko eskatu zuten bi elkarteek. Haiek diotenez, Frantziako Errepublikan animalien aurkako tratu txarragatik bi urtera arteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna jaso daitezke, eta, ondorioz, azaldu zuten zezenketak ezin direla legezko izan eremu jakin batzuetan, ezin dela salbuespenik egin.
2011ko apirilean, Frantziako Gobernuak herrialdeko kultur ondaretzat jo zituen zezenketak.
Ipar Euskal Herrian, Baionan izaten dira. Joan den irailaren 1ean, CRAC elkarteak elkarretaratze bat egin zuen Baionako Herriko Etxearen aitzinean, zezenketak "tortura" direla salatzeko.
Kataluniako Parlamentuak debekatu egin zituen zezenketak duela bi urte.