François Hollande presidenteak adierazi du Frantziako lau soldaduren hilketak ez duela Afganistan uzteko planen aldaketarik eraginen. Aurrez prestatu bezala, berretsi du heldu den hilean hasiko direla soldaduak etxeratzen, eta urte amaierarako prozesu guztia bukatzea espero du. «Ordura arte, ahal dugun guztia eginen dugu geure betebeharrak ahal den segurtasun eta zaintza handienarekin egiteko». Presidentetzarako hauteskundeen kanpainan hitzeman zuen soldaduak aurten etxeratuko zituela, eta azken atentatua legebiltzarrerako bozen bezperan gertatu da. Frantziako bederatzi soldadu hil dira aurten Afganistanen, horietako zortzi erasoetan.
Frantziako armadaren kontrolpeko Kapisa eskualdean egin dute erasoa, ekialdean. Probintziako gobernuko bozeramaile Qasi Qadrik azaldu duenez, soldaduak Nijrab barrutiko zubi baten azpian zeuden, han lehergailu bat zegoela zioen deia jaso ondoren. Qadrik dioenez, burka batekin jantzitako erasotzaile suizida bat hurbildu zaie, eta gainean zeraman lehergailua zartarazi du. Lau soldaduez gain, Afganistango itzultzaile bat ere hil du. Eliseoak jakinarazi duenez, Frantziako bertze bortz soldadu zauritu dira, horietako hiru larri. Talibanek hartu dute beren gain erasoa, Zabiullah Mujahid bozeramaileak hedabideetara helarazitako mezu elektroniko baten bidez.
Kanpainako konpromisoa
Frantziako presidentetzarako hauteskunde kanpainan egoera ekonomikoa izan zen eztabaidagai nagusia, baina atzerri politikaren arloan Afganistango gerrak bereganatu zuen arreta. ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarra 2014an bukatzekoa da bere misioa, AEBen ekimenez. Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak, ordea, tropak urtebete lehenago etxeratuko zituela erran zuen. Hollandek, baina, gerra lehenbailehen bukatzeko konpromisoa hartu zuen, 2012ko abenduan paratuz erretiratzeko epe muga. Joan den hilean Obamarekin izandako bilerak eta NATOk Chicagon egindako bilkurak ere ez zuten iritziz aldarazi.
Presidente kargua hartu eta hamar egunera, Afganistanera bidaiatu zuen Hollandek, hango gobernuaren eta Frantziako tropen aitzinean berresteko aurrez iragarritako erabakia. Azken erasoa legebiltzarrerako hauteskundeen bezperan gertatu da, eta horrek bultzatu du Hollande berriz ere adieraztera erretiratzeko konpromisoa irmoa dela. Hori dela eta, gaur bertan, bozen egunean, Jean-Yves Le Drian Defentsa ministroa Afganistanera joanen da «nazioa soldaduekin dagoela nabarmentzeko».
Frantziako 3.308 soldadu
Guztira, zortzi urtean Frantziako 87 soldadu hil dira Afganistango gerran. Nazioarteko tropen artean, militar gehien galdu duen laugarren herrialdea da —50ek osatzen dute ISAF—. Gaur egun, tropa kopuruari dagokionez, borzgarren indarra da Frantzia. 3.308 soldadu ditu Kapisa eskualdean eta Kabul hiriburuan, ISAFen datuen arabera. Hollandek horietako hiru mila etxeratu nahi ditu aurten; etxeratze prozesuaz eta logistikaz arduratuko direnak, berriz, 2013rako erretiratu nahi ditu, eta Afganistanen utziko ditu estatuko indarrak trebatzeaz arduratuko diren unitateak.
Frantziako laurez gain, ISAFeko bertze soldadu bat hil zen atzo Afganistango ekialdean, bonba batekin egindako atentatu batean. NATOren misioak ez du zehaztu zein herrialdetakoa zen militarra. Icasualties.org webgunearen zenbaketaren arabera, lehen urte erdian nazioarteko tropen 139 soldadu hil dira Afganistanen. 2001-2007 arteko urte oso bakoitzeko kopuruak gainditzen ditu horrek.
Frantziako lau soldadu hil dituztela, Afganistan uzteko planari eutsiko dio Hollandek
Kapisa eskualdean ekintzaile suizida batek egin du militarren aurkako atentatua; talibanek beren gain hartu dute erasoaDefentsa ministroa Afganistanera joanen da gaur, Frantzian hauteskunde eguna denean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu