Erretretak

Frantziako Legebiltzarrak baiezkoa eman dio erretreten erreformari

Frantziako erretreten sistema aldatzeko proiektu eztaibadatsuari baiezkoa eman dio gaur Legebiltzarrak lehenengo irakurraldian. 389 boto izan ditu aldekoak, hau da, eskuineko UMP eta UDF alderdienak. PSk, PCRk, Berdeek eta ezkerreko gainerako hautetsiek, ordea, kontra bozkatu dute. Hala ere, 132 legebiltzarkide baino ez dira guztira. Onartutako aldaketa aurrera eramaten bada, erretreta osorik jasotzeko kotizatu beharreko epea luzatu egingo da, eta, gainera, sektore publiko zein pribatuko langileen kotizazio epeak berdindu egingo dira.

2003ko uztailaren 3a
17:04
Entzun
Gaur egun, 40 urtez kotizatu behar dute Gizarte Segurantzan sektore pribatuko langileek erretreta osorik jaso nahi badute, eta, funtzio publikokoek, berriz, 37,5 urte. Jean-Pierre Raffarin Frantziako lehen ministroak gobernuak proposatutako erreforma gauzatzen bada, 2020tik aurrera 42 urtez kotizatu beharko dute behargin guztiek, arlo pribatukoek zein publikokoek. Dena den, aldaketa aldika-aldika aplikatuko da, eta urtez urteka joango da kotizatu beharreko epea luzatzen.

Erretreten erreformak eztabaida handia piztu du Frantzian. Sindikatuek, adibidez, manifestazio eta greba asko egin dituzte egitasmoaren aurka. Halaber, Frantziako Legebiltzarrean izan den eztabaida inoizko handienetakoa izan da: PSk, PCRk, Berdeek eta ezkerreko osterantzeko alderdiek eskura zituzten baliabide parlamentario guztiak erabili dituzte proiektua atzera botatzeko; besteak beste, 11.000 zuzenketa inguru aurkeztu dizkiote proiektuari.

Ondorioz, 1981etik diputatuen ganberan izan den eztabaida luzeena izan da erretreten inguruko hori: 18 egunetan banatutako 155 ordu iraun ditu guztira.

Hala ere, proiektuaren aldekoak erraz nagusitu dira Legebiltzarrean. Orain, Senatuak onartu behar du, baina han ere eskuinak du gehiengo zabala, eta, beraz, arazorik gabe onetsiko da. Gero, Legebiltzarrera itzuli behar du berriro, diputatuek behin betiko onespena eman diezaioten. Uztailaren 20rako tramite horiek guztiak amaituta edukitzea espero du Frantziako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.