Komikilariak "irmotasun handienarekin" egin dio uko Frantziako Legioaren ohorezko dominari. Atzo jakinarazi zuten domina Tardiri emango ziotela, baina, Tardik berak gaur azaldu duenez, ez du jasoko. Gizon "askea" izaten jarraitu nahi duela argudiatu du.
Tardik azaldu du "harriduraz" jaso duela albistea. 66 urte ditu marrazkilariak, haren komikiek arrakasta dute Frantzian, eta bere aitari buruzko bat argitaratu berri du. Gerrako preso izan zen Alemanian Tardiren aita. Hain justu, lehen mundu gerra da Tardik bere lanetan gehien jorratu duen gaia. "Nire pentsatzeko eta sortzeko askatasunari oso lotuta nagoela, ez dut ezer jaso nahi ez egungo boteretik ezta beste edozein botere politikotik ere".
"Ez diot erakundeez barre egiteari utzi. Gerra presoak eta fusilatuak aitortzen dituzten egunean, agian bestela jokatuko dut", azaldu du Tardik.