Frantziako Ministroen Kontseiluak gaur onartu du etxebizitza eskubideari buruzko lege proiektua, eta Jacques Chirac presidenteak esan du "aurrerapen sozial nabarmena" dela hori. Lege proiektuaren gauzatzea Estatuari auzitegietan exijitu ahal izango zaio.
Chiracek adierazi du urtero 120.000 etxebizitza sozial egiteko helburua "lortzeko modukoa" izango dela. Legearen helburua, etxebizitza duin bat lortzeko edo bertan egoteko baliabideak ez dituztenei -Frantziako Estatuan modu erregularrean eta egonkorrean bizi direnei-, etxebizitza izateko eskubidea bermatzea da". Etxebizitza sozialen arduradunei eta gizarte mugimenduei dei egin die Chiracek, bide horretan "ahaleginak biderkatzeko" esanez.
Auzitegietan eskubide hori 2008ko abenduaren 1etik aurrera exijitu ahal izango da. Eta lehendabizi, behar handiena dutenei emango diete aukera (etxerik ez dutenei, etxetik kanporatua izateko mehatxupean bizi eta beste tokirik ez dutenei, behin-behinean lokal desegokietan bizi direnei, adin txikiko umeak izan eta etxebizitza duina ez duten familiei, eta beste batzuekin pilan bizi direnei).
2012ko urtarrilaren 1etik, berriz, etxebizitza soziala eskatu eta denbora luzez erantzunik jaso gabe egon direnei zabalduko diete aukera -baldintzak betetzen dituztenei-.
Behartsuei laguntzen die Abad Pierre Fundazioko kideek esan dutenez, legeak hiru milioi lagunei lagunduko die.
Frantzia
Frantziako Ministroen Kontseiluak onartu du etxebizitza eskubideaz lege proiektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu