Frantziak soldaduek Laurent Gbagbo Boli Kostako presidente ohia atxilotu du gaur arratsaldeko lehen orduan. 2000. urteaz geroztik Boli Kostako presidente izan da, iazko azaroan hauteskundeak galdu zituen arte. Hala ere, ez zuen orduko horretan Alassane Ouattararen garaipena onartu, eta harrezkero bi aldeak borrokan ari dira. Zenbait albiste agentzien arabera, Ouattararen soldaduen esku utzi du Frantziak Gbagbo.
Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak gaur salatu duenez, hain zuzen, Laurent Gbagboren eta Alassane Ouattararen aldeko indarrek ehunka zibil hil dituzte Boli Kostan, presidentetza hartzeko borroketan dabiltzala. Zehazki Ouattararen soldaduek Duekoue-n, herrialdearen mendebaldean, ehunka pertsona hil eta hogei emakume eta neska bortxatu dituztela esan du. Leku berean Gbagboren jarraitzaileek, atzera egiten ari zirela, 150 pertsona hil zituztela salatu du.
Boli Kostako egoeraren gaineko txostena eman du gaur ezagutzera HRWek, eta Ouattararen alde borrokatzen ari direnak etxez etxe Gbagboren aldekoak hil dituztela esan du. Lanean, ihesean edo basoan ezkutatuta zeudela ere hil dituztela jakinarazi du. "Zibilak hilez ez dute Ouattararen indarrek gatazka honekin amaitzea lortuko", esan du Daniel Bekele HRWek Afrikarako duen zuzendariak. Ouatttararen aldekoek batik gabat gere etniakoak zapaltzen ari direla salatu du, Gbagboren aldekoak direlakoan.