Mundua

Frantziaren iritziz, "Errusia nazioarteko legetik at" dago

Kouchner Atzerri ministroaren hitzetan, Europako Batasunak ezin ditu nazioarteko zuzenbidearen urraketak onartu, ezta segurtasun akordioenak ere.

2008ko abuztuaren 27a
18:59
Entzun
Frantziako Atzerri ministro Bernard Kouchnerrek gaur salatu du Errusia "nazioarteko legetik kanpo" dagoela, eta ohartarazi du Europako Batasunak (EB) ezin dituela nazioarteko zuzenbidearen urraketak onartu, ezta segurtasun akordioenak ere. Errusiako presidenteak, Legebiltzarrak eta Senatuak hala eskatuta, Georgiaren menpeko bi herrialde, Hego Osetia eta Abkhazia, independentetzat formalki onartzeak hautsak harrotu ditu egunotan.

Frantziak du EBko txandakako presidentetza -abendu bukaera arte-, eta EBko 27 estatu kideek Moskuren jokabidearen aurrean "erreakzionatuko" dutela ziurtzat jo du Kouchnerrek.

Mendebaldeak gaitzetsi egin du Errusiaren azken erabakia, hots, de facto independenteak ziren bi herrialdeen estatusa formalki onartzea, eta Moskuri hartutako konpromisoa, Georgian sartu zituen tropak erretiratzekoa, betetzeko eskatzen diote.Georgiako presidente Mikhail Saakashvilik berak ere gogor gaitzetsi du erabakia; "legez kanpokoa" dela ohartarazi du, eta herrialdea NATOn sartzeko prozesua bizkortzeko eskatu du. "Gure lana batasuna bermatzea da, zibilizatuak izatea eta era baketsuan aurre egitea. Errusiak egin duena ez zuen inork egin Adolf Hitler eta Josif Stalinez geroztik, eta Europak erantzun egingo dio". Izan ere, bi aldeek onartutako bake akordioetan Georgiaren subiranotasuna eskatu zion nazioarteak Errusiari.

Abuztuaren hasieran, Hego Osetia dela-eta Georgia eta Errusiaren artean hasitako gerraren ondotik, Medvedeven erabakiak giroa gori-gori jarri dute.

Moskuren balizko beste helburuak

Kouchnerren ustez, litekeena da, Hego Osetiaren eta Abkhaziaren ondoren, Moskuk beste helburu batzuk izatea, "hala nola Krimea, Ukraina eta Moldavia"; "hori arrunt arriskutsua da".

Krimea Ukrainaren hegoaldean dago, eta Errusiaren esku egon zen harik eta Sobiet Batasuneko presidente Nikita Khrustxevek 1954an Kieveko gobernuari eman zion, "borondate oneko keinu gisa". Artean Ukraina ere zegoen Sobiet Batasunean.

"Kaukasoko gatazkak bereziki latzak dira. Mendeetan egon dira enfrentamenduak", ohartarazi du Frantziako Atzerri ministroak. Nabarmendu duenez, abuztuko gerra arte Hego Osetian "bi klanetan zatitutako 70.000 lagun zeuden han: bat Errusiaren aldekoa eta bestea Georgiaren aldekoa; horrek alde banatan 30.000 bat lagun ematen ditu". Horiek hala, beste herrialdeetan gerta daitekeenaz kezkatuta azaldu da: "Enfrentamendua egon beharra dago? Ezetz espero dut; aterabide politikoaren alde egitea espero dut".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.