Fronte bateratuaren kimera

Siriako oposizioa bi plataforma nagusitan banatuta dago. Arabiar Ligak talde bakarrean bil daitezen nahi du, baina orain arteko saioek huts egin dute.

mikel rodriguez
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Arabiar Ligak Sirian bakea ezartzeko proposatutako planaren hirugarren artikuluaren arabera, Baxar al-Assaden erregimenaren oposizioko taldeek plataforma bateratua eratu beharra dute. Helburua talde horiek trantsizio demokratikorako programa bat egitea da, eta erregimenari presio koherente bat ezartzea. Siriako oposizioa bi plataforma nagusitan elkartuta dago: SNC Siriako Kontseilu Nazionalean eta NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordean. Arabiar Ligak bi taldeekin konferentzia bat egiteko asmoa du, batasuna erdiesteko. Orain arteko ahalegin serioena joan den urte bukaeran egin zuten bi aldeek, baina urte berriarekin ezerezean gelditu da. SNCk eta NCCk oinarrizko gaietan sakoneko desadostasunak dituzte, eta, oraingoz, ez da sortuko al-Assaden aurkako fronte bateratua.

Abenduan, 35 eguneko negoziazioen ondoren, SNCko buru Burhan Ghaliunek eta NCCko buruzagitzak akordio bat erdietsi zuten, eta hil honen amaieran Arabiar Ligari aurkeztekoak ziren. SNCko kontseilu eragileak, ordea, bere buruzagiak sinatutako akordioa ezetsi du, eta bi plataformen arteko elkarlana bertan behera utzi. Ghaliunen erabakia gogor kritikatu zuten haren taldekideek, baina, hala ere, herenegun bertan bertze hilabete baterako berretsi zuten SNCren presidente karguan, buruzagia aukeratzeko «mekanismo hobe bat asmatu arte», ordezkari batek Reuters agentziari adierazi zionez.

Akordioa hausteko hiru puntu

SNCk hiru arrazoirengatik egin du gibelera, Radwan Elsayed Libanoko Unibertsitateko Ikerketa Islamikoen irakasleak azaldu duenez. Alde batetik, Ghaliunek eta NCCk erdietsitako hitzarmenean, atzerriko esku hartze militarra baztertu zuten, «baina protestan ari diren zibilak nola babestu zehaztu gabe». Bertzetik, erregimena desagerraraztea ez zuten ezarri «lehentasunezko helburutzat». Azkenik, Siriako Armada Askea militar desertoreen taldearen ekintzak «goraipatzeari» uko egin zioten. SNCko kontseilu eragileko kideen arabera, Ghaliunek NCCren aldarrikapenei men egin zien.

Izan ere, bi plataformek osaera eta estrategia aski ezberdinak dituzte. NCC ezkerreko alderdiek eta intelektualek osatzen dute—Alderdi Komunistaren bi adarrek eta sozialismo arabiarreko taldeek nagusiki—, eta Siria barnean du jardun nagusia. SNC, berriz, erbesteko hainbat intelektualek eta pertsonaia politikok, Anaia Musulmanak alderdi islamistak, Herri Koordinaziorako Batzordeak eta 40 alderdiren koalizio batek osatzen dute nagusiki. Turkian eratu zen, eta Mendebaldeko hedabideetan NCCk baino oihartzun handiagoa du.

Islamistekiko mesfidantza

Desadostasun iturri nagusiak atzerriko esku hartze militarra—NCC aurka dago; SNCk ez du baztertzen— eta Al-Assadekiko elkarrizketa izan da orain arte—NCCk ez du baztertzen; SNC aurka dago—. Horri, baina, NCCk Anaia Musulmanekin duen mesfidantza gehitu zaio, SNCn botere gehiena islamistek bereganatu dutela uste baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.