Hondamendia Japonian

Fukushima inguruan erradiazioa behar baino 400 bider handiagoa da

Hirugarren erreaktoretik ke beltza atera da, eta adituen arabera kolore horrek esan nahi du ez dela ura. Hildakoak eta desagertutakoak 23.000 dira jada, eta kalte ekonomikoa 130.000 eta 220.000 milioi euro bitartekoa da Japoniako Gobernuaren arabera.

2011ko martxoaren 23a
18:17
Entzun

Japoniako Zientzia Ministerioak jakinarazi duenez, Fukushima inguruan 40 kilometrora erradiazioa maila normala baino 400 aldiz handiagoa da. Lurrean egin dute neurketa, bost zentimera, eta iodo eta zesio erradiazioa aurkitu dute. Adituen arabera, eremu horretako biztanleak urtebetez baimendutako erradiazio maila lau bider jasoko dutela esan nahi du. Japoniako Gobernuak jada Fukushimako barazkien salmenta debekatu du.    

Fukushimako hirugarren erreaktoretik gaur goizean ke beltza atera da, eta hor lanean ari ziren langileek lanak utzi behar izan dituzte. Adituen arabera, beltza izateak esan nahi du ez dela ura. Hirugarren erreaktore hori da seietan arriskutsuena asko kutsatutako uranioa eta plutonioa duelako

Bigarren erreaktorean ere lanak geratu egin dituzte gaur erradiazio handiaren eraginez. Japoniako Energia Nuklearraren Segurtasun Agentziak jakinarazi duenez, arrisku mailara igo da, eta ondorioz bigarren erreaktorean lanean ari diren langileek joan egin behar izan dute.

Lehen erreaktorean tenperatura 400 gradutara igo da (302koa da maila normalaren gehienezkoa). Tokyo Electric Power konpainiak erreaktoreak hozteko ura botatzen jarraitzen du, nahiz eta argindarra sartzea lortu dutenean hozte sistemak abian jarri dituzten.

Hildakoen eta desagertutakoen kopurua jada 23.000koa da. Japoniako Gobernuak umezurtz geratu direnen aldeko kanpaina bat iragarri du. Jakinarazi dutenez, asko dira gurasorik gabe geratu diren haurrak, baina oraindik ere, desagertutakoak ere asko direnez, zenbat diren ezin dute jakin.

Japoniako Gobernuaren datuen arabera, martxoaren 11ko hondamendiaren ondorengo kaltea 130.000 eta 220.000 milioi euro bitartekoa da, Nikkei egunkariak jaso duenez. 1995. urtean Kobe hirian izan zen lurrikarak eragindako kaltea 70.000 milioi eurokoa izan zen. Munduko Bankuak, bere aldetik, aurreikusten du Japoniako barne produktu gordinaren %2,5 eta %4 bitartean izatea kaltea.

Lapurretei aurre egiteko Iwate eta Fukushima prefekturetan polizia gehiago aterako duela kalera jakinarazi du Gobernuak. Miyagin atzo tsunamiak kaltetutako aurrezki kooperatiba batean 348.000 euro lapurtu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.