Energia nuklearrik gabe geldituko da gaur Japonia, martxan dagoen azken erreaktore nuklearra itzaltzen dutenean: Tomari-3 da hori, eta Hokkaido uhartean dago, iparraldean. Itzalaldi nuklearraren erabakia behin-behinekoa da, edo horrela izatea nahi du gobernuak, iazko Fukushimako hondamendiaren ondotik segurtasun probak egiteko itzali baitituzte herrialdeko 54 erreaktoreak. Proba gainditu dutenak berriz martxan paratzeko asmoa du gobernuak, baina helburu horretarako traba bat agertu zaio: eskualdeetako administrazioak eta udalak. Izan ere, Fukushimako hondamendiaren ondotik, energia nuklearren aurkako kontzientzia —eta beldurra— anitz hazi da Japonian.
Herrialdearen parte gehienean uda beroa eta hezea izan ohi da; horregatik, argindarraren kontsumoa igo egiten da. Gobernuak dioenez, erreaktore nuklearren bat martxan paratu ezean argindar mozketak egin beharko dituzte. Hori argudiatu du gobernuak Oiko bi erreaktore lehenbailehen martxan paratu nahi dituelako, Chubu eskualdean —erdialdeko Honshu uhartearen erdian—. NISA Industria eta Nuklearren Segurtasunerako Agentziaren arabera, Oiko erreaktoreek ongi gainditu zituzten estres probak. Inguruko agintariak, ordea, ez ditu konbentzitu argudio horrek. Horien artean nabarmendu dira Kyotoko prefekturako gobernadorea eta Osakako alkatea —Kyoto eta Osaka Chubu eskualdetik hegoaldera daude—. Legearen arabera, erreaktoreak martxan paratzeko gobernuak ez du tokiko agintarien baimena behar, baina Yoshihiko Noda lehen ministroak agindu du haien oniritzia kortzen saiatuko dela erabakiak hartu baino lehen. Kyodo agentziak iragan astean argitaratutako inkesta baten arabera, inoizko babes txikiena du Nodak —hilabetean %32tik %26ra jaitsi da—, eta nuklearren auzian hautsak harrotu ditzakeen erabaki batek ez lioke mesederik eginen.
Kyoto eta Osaka, gogor
NISAko ordezkariak martxoan elkartu ziren Keiji Yamada Kyotoko gobernadorearekin, Oiko zentralari egindako proben berri emateko. Yamadak ez zituen haien argudioak onartu. Bi hilabete geroago, ez du aldatu jarrera. NISAko goi ordezkari Tetsuya Yamamoto Kyoton egon da aste honetan, baina hango ordezkariek berriz ere ezezkoa eman diote. Funtzionario batek hedabideei erran dienez, gobernu zentralaren posizioa «bateraezina» da bertako herritarren eskaerekin.
Toru Hashimoto Osakako alkatea ere Oiko erreaktoreak martxan paratzearen aurka dago. Joan den astean elkartu zen gobernuko bozeramaile Osamu Fujimurarekin, eta proposamen zerrenda bat eman zion. Horien artean, garrantzi berezia du nuklearren auzian tokiko administrazioei erabakitzeko eskubidea onartzeak; bertzeak bertze, zentral batetik ehun kilometroko eremuan dauden udalek enpresekin «segurtasun hitzarmenak» egiteko eskumena aldarrikatu du Hashimotok. Osakaren kasuan, udala Oiko zentralean jarduten duen enpresako akzioduna da—Kansai Electric Power—, eta alkateak jakinarazi du hurrengo batzarrean konpainiak fisio nuklearraren negozioa utz dezala proposatuko duela.
Tokiko agintarien jarreraren oinarrian herritarren nahia dago, eta horien gibelean Fukushimako hondamendiak eragindako beldurra. Horregatik, lobby nuklearraren presioa eduki arren, gobernuak ez du itsu-itsuan pausorik eman nahi. Adibidez, joan den hilaren bukaeran NISAk lau zentrali eskatu zien lurrikara batek eragin liezazkieken kalteen inguruko ikerketak berritzeko, agentziaren arabera instalazio horien eremuetan jarduera sismikoa gehitu egin baita iazko martxoko lurrikara handiaren ondotik. Zentral horien artean dago Tomarikoa, gaur geldituko duten azken erreaktorea duena.
Europako oihartzuna
Fukushimako hondamendiak nuklearren inguruko eztabaida berpiztu zuen Europan. Hura gertatu ondotik, EBko estatuek erreaktore nuklearrei segurtasun probak egiteko agindu zioten ENSREG Europako Segurtasun Nuklearrerako Arautzaileen Taldeari. Joan den astean argitaratu zuen txostena, eta, horren arabera, EBko zentralak «seguruak» diren arren hondamendi naturalei eusteko baliabideetan «hobetzeko beharra» dute.
Greenpeace eta Global 2000 talde ekologistek gogor kritikatu dute txostena. Hamazazpi estatuk euren egoeraren inguruan egindako ikerketetan oinarritu du berea ENSREGek. EBko 147 erreaktoretatik 38 hartu ditu bere gain. Greenpeaceren arabera, ikerketak balioa galtzen du, ez dutelako estatu guztiek konpromiso bera erakutsi. Global 2000ko kide Reinhard Uhrigen iritziz, berriz, «txantxetako» txosten horrek ez du lagunduko «zentral nuklear arriskutsu bakar bat ere ixten».
Fukushimak itzalitako zentrala
Japonian martxan zegoen azken erreaktore nuklearra geldiaraziko du gaur gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu