Fukushimako zentral nuklearreko lurrean plutonioa atzeman dute

TEPCO enpresa kudeatzaileak laguntza eskatu dio nazioarteari, krisi nuklearra hasi zenetik lehen aldiz

2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Japoniako Fukushimako zentral nuklearreko lurrean, bost lekutan, plutonioa atzeman dute. Joan den martxoaren 11n bederatzi graduko lurrikara batek eta ondorengo tsunami erraldoiek kalte handiak eragin zituzten zentralean, eta ordutik egoera kontrolatu nahian dabiltza. TEPCO enpresa kudeatzailearen arabera, kopuru horretan plutonioak ez du eraginik osasunean. Haruki Madareme Japoniako segurtasun nuklearrerako batzordeko presidenteak, ordea, adierazi du erradiazio altuekin «oso larrituta» dagoela.

Isuria hirugarren erreaktoretik datorrela uste dute; izan ere, hori da zentral nuklearrean plutonioa duen bakarra; gainontzekoetan uranioa erabiltzen dute. Plutonioa elementu kutsagarriagoa da, eta isuri txikiekin ere minbizia eragin dezake. TEPCOk larritasuna kendu nahi izan dio gertatutakoari, eta adierazi du lanekin aurrera jarraituko dutela. Plutonioa duela astebete eginiko proben emaitzetan aurkitu dute.

Zentral nuklearreko erradiazio altuek, dena den, lehen hiru erreaktoreen hozte sistemak konpontzeko lanak atzeratu dituzte. Langileak zentraletik sartueta atera ari dira; izan ere, haien osasuna arriskuan egon daitekeela uste dute.

Horrez gain, ur kutsatua atzeman dute bigarren erreaktorearen gordetegiaren kanpoaldean. 1.000 milisieverteko erradiazio maila du ur horrek. Hain zuzen ere, urtean ehun milisieverteko esposizioak minbizia izateko arriskua handitzen duela frogatuta dago. Ur hori zentraletik itsasora ez ateratzeko ahaleginetan ari dira azken orduetan.

Isuri den erradiazioa ikusita, ziurrenik bigarren erreaktorean nukleoak fusio partziala izan duela iragarri du Yukio Edano Gobernuko idazkari nagusiak. Tenperatura igotzen denean gertatzen da hori, eta erradiazio handia isurtzen da orduan. Dena den, erregai barren fusioa aldi baterako dela adierazi, eta herritarrei lasaitzeko eskatu die Edanok. Atzo Fukushimako zentralean neurtutako erradiazioa krisia hasi denetik altuena izan da. Hideihiko Nishiyama Japoniako segurtasun nuklearrerako agentziako eledunak erregai barren urtegia edota hoditeria suntsituta egon daitezkeela adierazi du.

TEPCOren hutsa

Zentral nuklearretik itsasora isuritako uretan ohiko erradiazioa baino hamar milioi aldiz handiagoa neurtu zuela iragarri zuen TEPCOk herenegun. Egiaz, 100.000 aldiz altuagoa da erradiazioa. Gobernuak halako hutsak «onartezinak» direla adierazi du; izan ere, berriak psikosia eragin du herritarren artean. Aurreko astean TEPCOri informazioaez ematea leporatu zion gobernuak.

Krisia hasi zenetik lehen aldiz, berriz, TEPCOk laguntza eskatu du. Frantziako Industria ministroak iragarri du bigarren erreaktorea hozteko arazo larriak dituztela eta enpresak laguntza emateko eskatu diola Frantziari.

Bestalde, itsasoan ere erradiazioa asko igo da azken egunotan. Erreaktoreak hozteko erabili duten uraren zati bat itsasora itzuli dute, eta zentralaren inguruanlegezkoa baino 1.850 aldiz han-diagoa zen herenegun erradiazioa.

Fukushimaren egoerak kezkatuta dauzka herritarrak. Zentral nuklearraren krisiaz gain, atzo, 6,5 graduko lurrikara bat jasan zuten Miyagi eskualdean, martxoaren 11ko lurrikarak gehien hondatutako eremuan hain justu. Astinaldiak tsunamiak eragin zitzakeela uste zuten hasiera batean, baina azkenik ez zen halakorik gertatu.

Horrez gain, azken datu ofizialen arabera, 11.000tik gora dira lurrikararen eta tsunamien ondorioz hildakoak. 17.000 lagun desagertuta daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.