Egunero, 400 bat tona ur erradioaktibo isurtzen ditu Fukushimako zentral nuklearrak (Japonia) itsasora, 2011ko martxoan tsunami baten ondorioz hondamendi nuklearra izan ostean. "Izotz hesia" eraikitzeko asmoa adierazi zuen Tokiok Fukushimako isuri toxikoa eteteko, baina teknika hori ez da ematen ari espero ziren emaitzak.
"Kriogenizazio iraunkor" sistema bat ezarri zuen Tepcok, zentrala kudeatzen duen enpresak. Horren bidez, Fukushimaren azpian dagoen lur eremua izozten ahalegindu dira, zentralak dituen lau erreaktore nuklearrak isolatzeko. Tepcoko arduradunek gaur aitortu dutenez, ordea, ez dute lortu lur azpiko zenbait tunel izoztea.
Apirilean hasi ziren langileak bigarren erreaktore azpiko tunelean lanean, kimikoki ura izoztu nahian, itsasoratu ez zedin. Uraren tenperatura, ordea, ez da izozteko adina jaitsi. 11.000 tona inguru ur kutsatu daude tunel horietan.