Erradioaktibitatearen arriskuak ez du etenik Japonian. Fukushimako nuklear zentrotik 30 kilometrora bizi diren herritarrei euren bizitokiak uzteko aholkatu die gaur bertan Yukio Edano Japoniako Gobernuko bozeramaileak, NHK kateak jakinarazi duenez. Erradioaktibitate gunea hogei kilometrotan ezarri du gobernuak, baina Edanok adierazi duenez, segurtasun eremua 30 kilometrora areagotzea aztertzen ari dira. Erradioaktibitate maila altua dago gune horretan, eta gobernuak babeslekuak jarri ditu euren etxebizitzak utzi dituzten biztanleentzat.
Fukushimako hirugarren erreaktorea hozteko arazoekin jarraitzen dute langileek, eta horrek radiazio mailaren igoera ekarri du. Kyodo agentziak jakinarazi duenez, azken orduetan erradiazio isuriak egon dira. Erreaktorea hozteko dituzten zailtasunen aurrean, Japoniako Gobernuak AEBetako armadari laguntza eskatu diola azaldu du Kyodok.
Lurrikara jazo eta bi aste geroago 10.000 hildako zenbatu dituzte.