KRISI POLITIKOA UKRAINAN

G7koek eta Europako Batzordeak Krimeako anexioa ez babesteko eskatu diote Errusiari

Krimea anexionatuko balitz G7koek neurri indibidual zein kolektiboak hartuko dituztela ohartarazi dute.

Identifikatu gabeko militarrak Perevalnoyen, Simferopol inguruan. YURI KOCHETKOV, EFE
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 12a
10:54
Entzun

Krimeako erreferenduma eta anexioa babesteko "ahalegin guztiak bertan behera" uzteko eskatu diote Errusiari G7 osatzen duten herrialdeek eta Europako Batzordeko presidenteak adierazpen bateratu batean. "Kanadak, Frantziak, Alemaniak, Italiak, Japoniak, Erresuma Batuak, AEBek eta Europako Batzordeko presidenteak dei egiten diogu Errusiari Krimearen estatusa aldatzeko ahalegin guztiak bertan behera uzteko, Ukrainako legeak eta nazioarteko legeak urratzea delakoan", adierazi dute.

Krimea anexionatzen bada, G7 osatzen duten herrialdeek neurriak —indibidualak zein kolektiboak— hartuko dituztela ohartarazi dute Errusia. Orain artean hartutako neurri bat G7koak Errusiarekin Sotxin egitekoak ziren bilera bertan behera uztea izan da, Errusiaren jokabidearekiko kexa gisa. Krimea eta Ukrainako beste eremu batzuetako tentsioa baretzen laguntzeko neurriak hartzeko eskatu dio, gainera, Errusiari: "Erretira ditzala tropak euren karteletara eta soldadu kopurua aurreko zifretara bueltatu dadila, berehala, eta Ukrainako Gobernuarekin eztabaidatu dezala zuzenean".

Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak, berriz, Krimean gertatzen ari dena "Ukrainako lurralde osotasunaren eta subiranotasunaren bortxaketa" gisa definitu du, "probokatu gabea eta onartezina". Barrosoren arabera, EB Europako Batasunak Errusiari proposatu dio nazioarteko mekanismoen bidez negoziazio zuzenak hasteko proposamena, baita egoera desblokeatzeko aukera ere, "betiere, subiranotasun, batasun eta lurralde osotasun printzipioak" errespetatuz. Barrosoren arabera, baina, Errusiak ez ditu proposamen horiek kontuan hartu.

Elkartze akordioa sinatzeko aukera

Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak eta Donald Tusk Poloniako lehen ministroak egindako bilera baten ostean, Merkelek baieztatu du datorren astean EB eta Ukrainaren arteko elkartze akordioa sinatzea aurreikusten dutela. Hori da, hain zuzen, Ukrainan istiluak piztu zituen arrazoia: azaroan, orduko Ukrainako presidente Viktor Janukovitxek atzera egin zuen, eta bertan behera geratu zen EBrekin sinatzekoa zen elkartze akordioa. Merkelek jakinarazi duenez, astelehenean EBko kide diren herrialdeetako atzerri ministroek bilera egingo dute. Errusiari zigor berriak jartzea aztertuko dute, horrek nazioarteko kontaktu taldean parte hartzeko borondaterik erakutsi ez duelako.

Krimeako aire eremua, itxita

Martxoaren 18ra bitartean, Ukrainatik Krimeara antolatuta zeuden hegaldi guztiak bertan behera geratu dira. Hain zuzen ere, hilaren 16ko erreferenduma egin bitartean "probokatzaileak heltzea saihesteko" hartu dute erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.