Ameriketako Estatu Batuetako presidente George Bushek atzo Londresko ITV telebistan esan zuen G8ren goi bilerak klima aldaketaren gainean Kyotoko Itunaren antzeko akordiorik lortuko balu ez lukeela hau sostengatuko. Haatik, G8koei beroketa globalari aurre egiteko teknologia berriak erabiltzeko proposatuko ziela jakinarazi zuen Bushek. Edozein modutan, klimaren aldaketaren auzia serioa eta konpondu beharrekoa dela nabarmendu, eta «neurri batean» erruduna giza aktibitatea dela gaineratu zuen.
Bushek ez du batere ondo ikusten 1997an NBEko hainbat estatukidek sinatutako hitzarmenak segida izan dezan. Izan ere, Washingtonek ez du egundaino atmosferarara egiten diren gas igorpenak mugatzea zehazten eta behartzen duen Kyotoko Ituna berretsi. Hortaz, ez du antzeko akordiorik nahi: «Honek [G8ko ustezko akordioak] Kyotoren antza baldin badu, erantzuna ezezkoa izango da», esan zuen ITV telebistan. «Kyotoko Itunak gure ekonomia suntsituko zukeen, zakar izan banaiteke», esan zuen, eta AEBak kutsadurari aurre egiteko teknikak ikertzen ari direla ezagutarazi zuen. Teknika horietako batzuk karbono dioxidoa lurpeko putzuetan sartzea, autoak hidrogenoz ibilaraztea eta airera gasik igortzen ez duten energia plantak eraikitzea dira.
Komunikatu bereizia
Bestalde, Brasil, Hegoafrika, India, Mexiko eta Txinak G8 taldeak Eskozian egingo duen goi bileran parte hartuko dute, gonbidatu gisa, eta atzo Financial Times egunkariak jakinarazi zuenez, estaturik aberatsenekin bildu aurretik bilkura egitekoak dira, klima aldaketa ardatz nagusi dutela. Auziaz komunikatu bereizia kaleratzekoak dira, Financial Times-en arabera.
G8k Kyotoko Itunaren antzekorik egiterik ez du nahi Bushek
Brasil, Hegoafrika, India, Mexiko eta Txina klima aldaketaz komunikatu bereizia zabaltzekoak dira Eskoziako goi bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu