MUNDUA

G8ko herrialdeek taldetik at utzi dute Errusia

Ekainaren 4an eta 5ean Sotxin biltzekoak ziren G8ko kideak, baina, hara joan beharrean, Errusiak ez beste herrialdeek Bruselan egingo dute goi bilera.

Ukrainako soldadu bat, Belbekeko aire basean. JAKUB KAMINSKI, EFE
2014ko martxoaren 25a
08:09
Entzun

Ukrainako gatazkaren eta Krimeako anexioaren harira, Errusiarekiko presioa areagotu nahi dute Ameriketako Estatu Batuek, Frantziak, Erresuma Batuak, Italiak, Alemaniak, Kanadak, Japoniak eta Europako Batasunak. G8koen taldea osatzen duten herrialdeetako gobernuburu eta estatuburuek, Errusiakoek izan ezik, goi bilera bat egingo dute Bruselan ekainean, taldeko kide guztiak Sotxin hilabete horretan bertan egitekoak ziren goi bileraren ordez.

"Bertan behera utzi dugu gure parte hartzea G8koan, Errusiak norabidez aldatu eta eztabaida esanguratsu bat egiteko puntura itzuli arte. 2014ko ekainean bilduko gara Bruselan, G7 formatuan", iragarri dute herrialde horietako ordezkariek; Hagako Adierazpena deitu diote ekinbide horri.

Izan ere, Hagan batzartu ziren atzo G7koa osatzen duten herrialdeak, erabakitzeko zein urrats egin aurrerantzean Errusiari presioa egiteko, Krimeako penintsula Errusiara batu ondotik.

Erabakiaren berri jakin aurretik, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi du Errusia G8koen taldetik ateratzea ez dela "arazo handia". "G8koa Mendebaldearen eta Errusiaren arteko elkarrizketarako plataforma zen. Mendebaldeko bazkideek uste badute ez dela G8koa mantendu behar, ez dago arazorik biltzen ez bada". Lavroven arabera, Vladimir Putin Errusiako presidenteak "duela hilabeteak" pentsatu zuen bilkura horretara ez joatea, "arrazoi pragmatikoak" tarteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.