Nazioarteko herrialdeak orain arte erakutsi ez duten gogortasunarekin mintzatu dira gaur Libiarekin, eta iritsi dira Muammar Gaddafi presidentearen erregimenaren aurkako lehenengo zigorrak. Hala, Europako Batasunak hurrengo astean indarrean sartuko diren zigor batzuk hitzartu ditu. EBko 27 herrialdeek armen bahimendua adostu dute, eta Gaddafik eta haren familiakoek debekatua izango dute EBko edozein herrialdetan sartzea. Horretaz gain, ondasunak izoztuko dizkiete. Halere, ez diete inongo betorik jarri Libiako gasari eta petrolioari.
Frantziak eta Erresuma Batuak Nazioarteko Zigor Epaitegira eraman nahi dute Muammar Gaddafi Libiako presidentea, gizateriaren aurkako krimenak egin dituen epaitzeko. Gainera, armen enbargoa eta zigor ekonomikoak eskatuko dituzte, ziurrenik, Nazio Batuen Erakundeak gaur arratsaldean New Yorken egingo duen bileran.
Duela aste batzuetatik Libiako herritarrak Gaddafiren kontrako matxinada ari dira egiten, eta armada eta Polizia gogor ari dira erantzuten. Datu zehatzik ez dagoen arren, dagoeneko ehunka lagun hil dira.
Gaur arratsaldean, Al Jazzera telebista kateak zabaldu du Tripoli hiriburuko aire eremu nagusiak Gaddafiren aurkako mugimenduarekin bat egin duela: Muitiqakoak.
NATOren premiazko batzarra
NBE bakarrik ez, NATO ere gaur bilduko da, Libiaren inguruan zer erabaki aztertzeko. Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak deituta, premiazko batzarra egingo du. Europako Batasuna ere Afrika iparraldeko herrialdeari zigorrak jarri edo ez aztertzen ari da. Catherine Ashton Atzerri Politikarako arduraduna indarkeriaren amaiera ahalik eta azkarrena lortzeko berehalako zigorrak ezartzearen alde azaldu da.
NBEko Giza Eskubideen goi komisario Navi Pilleyren arabera, litekeena da matxinadaren eraginez Libian "milaka pertsona erail edo zauritu" izana azken astean. Gobernuak indarkeriarekin erantzun dio herriaren erreboltari, eta "atxiloketen, torturen eta hilketen" inguruko berriak hedatu dira. Pillayk Libiako egoera gordina deskribatu du, NBEren Giza Eskubideen Batzordea Genevan egiten ari den bileran. "Libiako armadak manifestariei eta herritarrei egiten die eraso. Auzo batzuk blokeatu ditu, eta teilatuetatik tirokatzen dute. Anbulantziei ere oldartzen zaizkie, eta zaurituak edo hildakoak kale bazterrean uzten dituzte".
Ospitaleetan ere hamaika arazo daudela ziurtatu du goi komisarioak: "Sendagileak ahal duten bezala ari dira lanean, odol erreserbak agortzen ari dira, eta gero eta sendagai gutxiago daude". Esan duenez, "biktima asko buruan, bularrean edo garondoan tirokatu" dituzte; eta hori aurretik pentsaturiko hilketa seinale izan daiteke.
NBEko Munduko Elikadura Programak ohartarazi duenez, matxinada luzatzen bada oso litekeena da Libian janari eskasia izatea. Afrika iparraldeko herrialdeak janari ugari inportatzen ditu, eta Gaddafiren kontrako matxinadak eten egin du jangai horien trafikoa.
"Herritarren ordezkaria" NBEn
Gaddafi, berriz, gero eta bakarrikago dago. Nazioarteko sostengua galduta, gertukoenak ere haren aurka agertu dira. Herenegun Justizia ministroa eta armadako bi jeneral matxinadaren alde agertu ondoren, gaur herrialdeko fiskal nagusi Abdel Rahman al Abarrek dimisioa eman du, Al Arabijak jakinarazi duenez. "Herrialdearen historiako odol isurtzerik handiena bizi dugu", adierazi dio telebista kateari. NBEn ere ordezkaritzarik gabe geratu da. Giza Eskubideen Batzordean, Ibrahim A.E. Aldredi Libiako enbaxadoreak "herritarren ordezkari" gisa aurkeztu du bere burua, eta Libiako ordezkaritza guztiak matxinadarekin bat egin duela adierazi du. Libiako eta Egiptoko gobernuen arteko harremanak kudeatzen zituen ordezkariak ere dimisioa aurkeztu du. Pieza bat bestearen atzetik.
Dimisioak dimisio, Gaddafik, eta hurkoenek, tinko eta burugogor jarraitzen dute, baina. Presidentearen seme Saif al Islamek Libian hilko direla esan du. "A, B eta C planak ditugu. A plana Libian bizi eta hiltzea da. B plana Libian bizi eta hiltzea da, eta C plana Libian bizi eta hiltzea". Gaddafi oldarkor agertu da berriro, eta indarkeria erabiltzearen alde agertu da. Oraingoan, bere jarraitzaileei mintzatu zaie, gobernuaren aurkako edozein saiakera "zapaltzeko" eskean. Gaddafik Al Kaedari egotzi dio bere erregimenaren aurkako matxinada sustatzea, eta manifestarien aurka "borroka" egiteko deia egin dio berriz ere Libiako herriari.
Horrez gain, hainbat hiritako kontrola galdu du Gaddafik. Ekialdea oposizioaren esku dago, baina gobernuaren aldeko hainbat talderen erasoek egoera nahastu dute. Mendebaldea, Tunisiako mugan, gatazka gune bihurtu da, eta Gaddafiren aldekoak gogor ari dira hiri gehiago ez galtzeko. Tripoli hiriburuak gotorleku izaten jarraitzen du, eta Gaddafiren kontrolpean dago.
Petrolioaren prezioak etenik gabe gora egitea eragin du Libiako egoerak. Barclays Capital eta Goldman Sachs-en arabera, erdira murriztu da herrialdeko petrolio produkzioa. Halere, Libiako petrolio enpresa nagusiak, Adocok, produkzioa ez duela geratuko jakinarazi du. Dena den, Repsolek eta Wintershallen gisako erakundeek euren produkzioa eten dute. Badaezpada ere, eta prezio igoera baretzea aldera, Saudi Arabiak produkzioa igotzea erabaki du.
1969an iritsi zen boterera Gaddafi, Idris erregearen kontrako estatu kolpea emanda. 1951tik zegoen errege Idris, herrialdeak independentzia lortu zuenetik.