libia

Gaddafi hil dute

Libiako koronelak bi hanketan zauriak zituela esan dute hura Surten atxilotzean, artean bizi zela, baina zaurien ondorioz hil dela. Sorlekuan omen zegoen ezkutatuta eta orain erabat kontrolpean dutela errebeldeek esan du Al Jazeerak. Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko burua herritarrei zuzentzekoa da aurki, hitzaldi baten bidez. NATOk eta AEBek diote ez dutela Gaddafi hil den informazio zehatzik.

2011ko urriaren 20a
10:43
Entzun

Muammar Gaddafi Libiako lider izandakoa hil egin dela jakinarazi dute gaur Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko errebeldeek. Surt hiria hartu dute gaur goizean, eta egurdian Gaddafi atxilotu dutela zabaldu da. Libiako koronolak, ordea, hanketan hainbat zauri zituela aurkitu dutela esan dute, eta hil egin da. Arratsaldean jakin denez, eskuan urrezko pistola bat zuen aurkitu dutenean, BBCren arabera.

Kontseilu Nazionaleko Informazio ministro Mahmud Shammamek eman du albistea, eta Gaddafi aurkitu dutenekin hitz egin duela esan du. Horiek esan diote urrezko pistolarena. Itxura denez, Surten aurkako erasoan jasan dituen zaurien eraginez hil da. Heriotza, ordea, erabat baieztatu gabe dago.

Gaddafik Nazioarteko Gortearen bilatze agindua zuen. 42 urtez izan zen Libiako agintea, 1969tik, beste herrialde arabiar batzuetan bezala, udaberrian sortu ziren protestak eta NATOren erasoek agintea uztera behartu zuten arte. "Hau une historikoa da. Tiraniaren eta diktaduraren amaiera da", esan dio BBCri Aabdel Hafez Ghoga errebeldeen armadako buruetako batek.

 

Gorpua, Misratara

Errebeldeek diote gorpua Misratako erietxe batera daramatela. Shammanek baieztatu dio Gaddafiren heriotza CNN telebista kateari honek egindako elkarrizketan baina ez du informazio gehiagorik eman.

Albiste horiek gaur goizean errebeldeek Surt hartu dutela zabaldu ondoren etorri dira. NATOk adierazi du goizean konboi militar bat eraso dutela aliatuen hegazkinek baina momentuz ez dagoela koronelaren heriotza baieztatzerik.

NATOk baieztatu du gaur bere hegazkin militarrek Surten erasoa egin dutela, baina adierazi du ez dakiela horien ondorioz Gaddafi hil den edo ez. AEBetako Gobernuak, berriz, esan du ez duela Gaddafi hil den informazio zehatzik.

Koronela ustez zulo batean zegoen ezkutatuta eta, zabaldu denez, haren jarraitzaileek Surten zuten burua — Abu Baker Yunus— eta gobernuko bozeramailea ere —Ibrahim Musa— hil egin dira.

Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko buru Mustafa Abdeljali herritarrei zuzentzekoa da datozen orduetan, hitzaldi baten bidez.

Al Jazeeraren bitartez Surt erabat dutela kontrolpean esan dute errebeldeek, eta Gaddafiren aldekoak ihesean atera direla. Bani Walidekin batera koronelaren aldekoen azken gotorlekua zen Surt. Aste honetan Bani Waliden sartu zirela esan zuten errebeldeek.

Bestalde, Al Jazeera kateak jakinarazi du, Mutassim Gaddafi, koronelaren semeetako bat atxilotu dutela Surten.

Gaddafi 1969tik egon da Libiako agintean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.