libia

Gaddafi irtenbide bila Londresen?

Libiako agintariaren semeek ordezkari bat bidali dute hara, Erresuma Batuko Gobernuarekin egoteko, kazeta batek dioenez.

2011ko apirilaren 1a
16:31
Entzun

Muammar Gaddafi Libiako agintariaren erregimenak ordezkari bat bidali du Londresera, Erresuma Batuko Gobernuko arduradunekin egon dadin, Gaddafiri berari eta erregimeneko beste buruei irtenbide bat emateko, The Guardian Erresuma Batuko egunkariak gaur argitaratu duenez. Kazetak dio agintariaren semeak ari direla saioa egiten, ordezkaria bidalita Londresera.

Kazetak dioenez, Mohamed Ismail da Londresen dagoen Libiako ordezkaria; hain zuzen, Gaddafiren seme Saif al Islamen aholkulari nagusietakoa da.

Atzo Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek berretsi egin zuen Musa Kusa Libiako Atzerri ministroak desertatu egin duela eta euren herrialdean dagoela. Kusarekin immunitatea lortzeko akordio bat dutela ukatu du Cameronek, eta erran du Justiziak haren aurka jotzeko bidea libre duela —Lockerbieko atentatuarekin zerikusia izatea egozten diote—. Libiako Gobernuak aitortu du Kusarekiko "komunikazioa" galdu duela eta, horregatik, karguari uko egin diola "ulertu" duela; halaber, erabakia "pertsonala" izan dela dio Tripolik, eta Kusa gobernuaren baimenarekin joan dela, "osasun arazo larriak" dituelako.

Ez da Kusa izan Gaddafiren ondotik alde egin duen erregimeneko lehen goi karguduna. Protestak hasi eta gutxira, Mustafa Abdeljalil Justizia ministroa eta Abdel Fata Junis Barne ministroa erreboltarien aldera igaro ziren. Al Jazeeraren arabera, gainera, azken orduetan erregimeneko kargudun gehiagok Tunisiara alde egin dute, Atzerri ministroaren ereduari segituz.

Kusaren ihesak, ordea, zeresan handia eman du; alde batetik, matxinada hasi eta hilabete eta erdira gertatu delako eta, bertzetik, Gaddafiren hagitz hurbileko laguntzailea izan delako. Erresuma Batuko Atzerri Ministerioarentzat, Libiako erregimeneko "pertsona garrantzitsuenetako bat" da. Horregatik, Cameronek espero du Gaddafiren aurkako nazioarteko aliantzari informazioa eman diezaiokeela Kusak.

"Sistema, erortzen"

AEBek ere Libiako Atzerri ministroaren erabakiaren garrantzia nabarmendu dute. Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaile Tommy Vietorrek uste du erregimenak "kolpe nabarmena" hartu duela eta Gaddafiren hurbilekoek "sistema erortzen" ari dela ulertu duten adierazle dela. Estatu Departamentuko eledun James Steinbergek, berriz, erran du Kusaren ihesak erakutsi duela Gaddafiren aurkako presio neurriek "arrakasta" izan dezaketela.

1970eko hamarkadan bat egin zuen Kusak (Bengazi, 1949) Gaddafiren erregimenarekin. 1979an Londresen ibili zen, diplomazialari gisa lanean. Erresuma Batuko Gobernuak hurrengo urtean kanporatu zuen, The Times aldizkariari aitortu ziolako uhartean erbesteratuta zeuden bi errefuxiatu libiar hiltzeko agindua onartu zuela, eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren aldeko jarrera erakutsi zuelako. 1980ko hamarkadan zerbitzu sekretuetan erantzukizun karguak izan zituen, eta, horregatik, Eskoziako Fiskaltzak Kusari galdeketa egin nahi dio, Lockerbieko erasoari buruz. Atentatu hori 1988an izan zen. AEBetako Pan Am konpainiako hegazkinean lehergailu bat zartarazi zuten, eta bidaiari guztiak hil ziren. Hegazkin zatiak Eskoziako Lockerbie herrira erori, eta hango 11 biztanle hil ziren —denera, 270 lagun hil ziren—. Erasoa Libiako zerbitzu sekretuek egin zuten, eta Fiskaltzak uste du Kusak erantzukizunen bat edo informazioa eduki dezakeela.

Kusaren ihesak bigarren maila batean utzi du nazioarteak azken egunotan eduki duen eztabaida nagusia; hau da, erreboltariei armak ematearen aukeraren ingurukoa. NATOk atzo hartu zuen Libiako erasoa zuzentzeko eskumen osoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.