Ehizaki preziatua bortz egunez jendaurrean erakutsi ondoren, Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak jakinarazi du Muammar Gaddafi basamortuan lurperatu duela, sekretupean. Hala egin dute, koronelaren hilobia erromesaldirako gune bilakatu ez dadin, AEBek Osama Bin Laden Al Kaedako buruarekin egin zuten bezala. Mutassim Gaddafi semea eta Abu Bakr Junis Defentsa ministro izandakoa ere ezkutuan ehortzi dituzte —Surten hil zituzten haiek ere—. 42 urteko aroa amaitutzat eman nahi izan du horrela Kontseilu Nazionalak, baina Gaddafiren heriotzak itzal luzea utzi du: haren hilketa argitzeke dago, herrialdeko hiri anitzetan kaosa da nagusi, eta matxinadan agindutako erreforma politikoak gauzatzeko xaria lege islamikoa aldarrikatzeak zalantzak sortu ditu.
Gorpua lurperatu aitzinetik, Gaddafiren tribuko kideek haren aldeko errezoak egin dituzte, eta zeremonian Kontseilu Nazionaleko agintariak egon dira, erakunde horrek jakinarazi duenez. Iragan ortzegunean hil zutenetik, Misratan eduki dute Gaddafiren hilotza, hozkailu batean sartuta. Kontseilu Nazionaleko bozeramaile batek hedabideei erran dienez, gorpua hasia zen denboraren igatea jasaten, eta berehala lurperatzeko beharra zuten.
Hotel batean 53 gorpu
Gerraren amaieran, ustez giza eskubideak urratzeagatik egindako salaketak pilatzen ari zaizkio Kontseilu Nazionalari. HRW Human Rights Watch giza eskubideen defentsarako erakundeak, adibidez, Gaddafiren aurkako milizianoei egotzi die Surten «hilketak, arpilatzeak eta bertzelako gehiegikeriak» egitea. HRWk dio Surteko Mahari hotelean 53 gorpu aurkitu dituztela, eskuak lotuta zituztela. Peter Bouckaert HRWko ikertzailearen arabera, exekutatu egin zituzten, urriaren 15 eta 19 artean. Hotel hori Misratako milizianoen kontrolpean zegoela azaldu du Bouckaertek. Gerraren hasieran Gaddafiren indarrek hiru hilabetez setiatu zuten Misrata. Horregatik, hilketak horren mendekuz izan direla iradoki du HRWk.
NBE Nazio Batuen Erakundeak ere «ordaineko hilketarik» ez egiteko eskatu die Kontseilu Nazionaleko milizianoei. NBEk Libiarako Ikerketa Batzordea eratua du, eta hango burua Phillippe Kirsch epailea da. «Berebiziko garrantzia du Kontseilu Nazionalak eta bertze talde armatuek atxilotuen giza eskubideak errespetatzeak, haien joera politikoa edozein dela ere», adierazi du Kirschek. «Atzerritarren aurkako errepresio arbitrarioa» ere eteteko eskatu du. Izan ere, kontseiluko indarrek milaka etorkin atxilotu eta torturatu dituzte, nagusiki Saharaz hegoaldekoak, Gaddafiren mertzenario izatea egotzita. Horietako anitz preso dituzte inolako frogarik gabe.
Hala ere, NBEk adierazi du «gustura» dagoela Kontseilu Nazionalak «atxilotu batzuen» hilketak ikertzea zin egin duelako. Horien artean, Gaddafiren hilketa argituko dutela erran du Mustafa Abdeljalil behin-behineko presidenteak, nazioarteko zenbait erakundek hala eskatu ondoren. Dena den, etorkizun politikoarekin kezkatuago dago Kontseilu Nazionala. Abdeljalilek iragarri du bi aste barru eratuko dutela gobernu berria. NATOk, berriz, gaur jakinaraziko du ofizialki Libiako misioa amaitutzat emateko data —hilaren 31n bukatzeko asmoa du—.
Dozenaka hildako istripuan
Surten, gerra zibilaren azken guda zelaian, borrokak amaitu eta lau egunera ezbehar handi bati aurre egin behar izan diote berriz. Izan ere, astelehen arratsean erregaiz betetako edukiontzi batek eztanda egin zuen, eta inguruan zeuden dozenaka lagun hil ziren. Gutxienez 50 dira hildakoak, baina iturri batzuk ehun izan daitezkeela diote. Kontseilu nazionalak adierazi du gertakaria istripua izan zela.
Bertzalde, Espainiako Repsol enpresa petrolioa ateratzen hasi da Libiaren hego-mendebaldean. Gerra bukatu denetik hori egin duen atzerriko lehen enpresa da.
Herrialde arabiarretako matxinadak
Gaddafi sekretupean ehortzi dute Libiako basamortuan
Koronelaren hilobia erromesaldirako gune izatea saihestu nahi izan du Trantsiziorako Kontseilu NazionalakMilizianoek Surten egindako gehiegikeriak salatu ditu Human Rights Watchek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu