«Bin Laden da herria erabiltzen ari den etsaia. Ez zaitezte Bin Ladenen eraginpean erori». Muammar Gaddafik Al Kaedari egotzi dio bere erregimenaren aurkako matxinada sustatzea, eta manifestarien aurka «borroka» egiteko deia egin dio berriz ere Libiako herriari. Erreboltak lehertu zirenetik bigarren aldiz mintzatu da estatuko telebistan, baina oraingoan telefonoz egin ditu adierazpenak. Kate horren arabera, Gaddafik Az Zauijako biztanleei zuzendu die bereziki mezua, mendebaldeko hiri horretan borrokak anitz gogortu baitira.
Iragan astearteko mezuaren ildoari eutsi dio Gaddafik. Bertzeak bertze, Al Kaedak gazteei «beren kafesnean pilula aluzinogenoak» eman diela adierazi du. «Nescafen», zehaztu du. Horregatik, «Libiako gurasoei» eskatu die seme-alabak «kontrolatu eta armak kentzeko».
Al Kaedaren mehatxua inbasioaren beldurrarekin ere nahasi du buruzagiak. «Al Kaedak herrialdea hartzea nahi baduzue, AEBek Irak eta Afganistan bezala nola bonbardatuko duten ikusiko duzue». Protesten ondorioz «herritarrak lanera joaten ez badira», petrolioaren hornidura «moztuko» dela ohartarazi du.
Halaber, aitzineko hitzaldian bezala, Gaddafik oroitarazi du inolako kargurik ez duela, eta Erresuma Batuko Elizabeth II.a erreginarekin konparatu du bere burua. «Monarkietan erregea sinbolikoa da, ez du botererik. Hemen herri komiteak daude, zuek duzue boterea», erran du, herritarrei zuzenduz. Erregimenaren herri komiteei eskatu die, hain zuzen ere, «Bin Ladenen aginduak betetzen dituztenen aurka borrokatzera» ateratzeko.
Gaddafiren erregimena, baina, gero eta estutuago dago, Libian dauden nazioarteko hedabideek helarazitako informazioaren arabera. Iturri horiek diotenez, ekialde osoa oposizioko «herri kontseiluen» esku dago. Tobruk hirian, Egiptoko mugatik 120 kilometrora, eraikin ofizial guzietan monarkiaren aroko bandera dago eskegita, Efe agentziaren arabera.
Az Zauijan borroka gogorrak
Mendebaldean, berriz, borrokak gogortu egin dira hiri gehiagotan, eta Gaddafiren aldekoak gero eta gotortuago daude Tripolin. Borrokarik latzenen berri Az Zauija hiritik eman dute. Al Jazeeraren arabera, Gaddafiren aldeko indarrek bortz orduz egin diote eraso hiriari, eta ehun lagun inguru hil eta 400 zauritu dituzte. Lekuko bakarra aipatu du Al Jazeerak. Haren arabera, 35 ibilgailu militar sartu dira hirian eta jendetzaren aurka hasi dira tiroka. «Kalibre handiko armak» erabili dituztela adierazi du, «tankeei eta hegazkinei» tiro egiteko erabiltzen direnetakoak. Gaddafik, ordea, «Al Kaedako agenteei» egotzi die Az Zauijan «segurtasun indarrei» tiro egitea. Az Zauija Tripolitik mendebaldera dago, Tunisiako mugatik hurbil.
Misrata, Sabrata, eta Saba hirietan ere borroken berri eman du Al Jazeerak. Misrata oposizioaren esku zegoela jakinarazi zuten herenegun hedabide gehienek, baina Al Jazeerak dioenez Gaddafiren aldeko indarrek eraso egin zioten atzo.
Libiako buruzagiaren bigarren seme Seif el Islam Gaddafik, ordea, «ehunka edo milaka» manifestari hil dituztenik ukatu du, eta atzerriko kazetariei herrialdean sartzeko gonbita luzatu die, Al Arabija kateak argitaratutako adierazpenen arabera. «Gezurra da Libiako Defentsa Indarrek libiarren etxeak bonbardatu dituztenik.Basamortuko gune huts bateko biltegi txiki batzuk bonbardatu zituzten soilik».
Hain zuzen ere, Seif el Islamek atzerriko kazetariei egindako gonbita hein batean berretsi dute AEBek. Washingtonen arabera, CNNko, BBCko eta Al Arabijako kazetari batzuei herrialdean sartzeko baimena eman die Gaddafiren erregimenak. Orain artean Libian sartzea lortu duten atzerriko berriemaileek ekialdetik egin dute, oposizioak hango hiriak hartu dituela baliatuz. AEBen arabera, erregimenak jakinarazi du kazetari horiek «legez kanpo» sartu direla herrialdean, eta «Al Kaedaren laguntzaile» izatea leporatu die.
Negoziazio ahalegina
Erregimenak negoziaziorako ahalegina egin duela jakinarazi du oposizioak. Mustafa Abdeljalil Justizia ministro ohiak jakinarazi du hori, baina oposizioak errefusatu egin du, «irtenbide bakarra tiranoak herrialdetik alde egitea baita». Abdeljalilek protestak hasi zirenean eman zuen dimisioa, «indarkeria gehiegikeriaz» erabili zelako. Orduz geroztik Bengazin dago, eta azken egunetan hiriko manifestarien bozeramaile nagusienetakoa izan da. Ekialdean dauden hedabide gehienek adierazi dute duela egun batzuetatik oposizioak erabat kontrolatuta duela Bengazi, Libiako bigarren hiri handiena.
Egiptok eta Tunisiak Libiarekin dituzten mugetatik, berriz, milaka lagunek utzi nahi dute herrialdea. Tunisiako Mugako Poliziaren arabera, sei minuturo 2.500 lagun ailegatzen dira mugara. IOM Munduko Migrazioen Erakundeak adierazi duenez, joan den astean protestak hasi zirenetik Libia utzi duten tunisiarrak eta egiptoarrak 30.000 baino gehiago dira. Horietako gehienak herrialdean bizi ziren langileak dira, IOMen arabera.
Protestak herrialde arabiarretan
Gaddafik Al Kaedaren mamua astindu du, Tripoliri eusteko
Mendebaldeko hirietara hedatu dira borrokarik gogorrenak, ekialdea oposizioaren esku gelditu ondorenGaddafiren semeak «ehunka edo milaka» manifestari hil dituztela ukatu egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu