Muammar Gaddafi Libiako presidenteak herrialdeko telebistako katean adierazi du ez duela boterea utziko eta prest dagoela Libian hiltzeko. Herritarrei dei egin die kalera irten daitezela manifestariei aurre egitera, eta Al Kaedaren eskua ikusten du protestaren egileen atzetik.
Atzo bere seme batek bezala, gerra zibilaren aukera aipatu du. ”Somalia bezalakoak izan nahi al duzue?”, galdetu du. Heriotza zigorraren mehatxua ere egin du.
Arratsaldean mintzatu da, pixka bat lehenago iragarri ostean.
Bart ere egin du hark agerraldia, eta Tripolin dagoela adierazi du, "eta ez Venezuelan, txakurren irratiek dioten moduan". Laburra eta ezohikoa izan da agerraldia. Izan ere, Libiako telebistak aurreratu zuenez, diskurtso bat egitekoa zen presidentea, "zurrumurru guztiak gezurtatzeko". Adierazpen horiek, ordea, auto batetik jaitsi berritan egin ditu, aterki bat eskuan, Tripolin duen etxeetako baten aurrean.
Hogeita hamar segundoko agerraldia izan da gauekoa, eta Gaddafik ez du ezer esan azken orduetan manifestarien kontra izan diren erasoen gainean, ezta Justizia ministroaren dimisioaren eta Maltara ihes egin duten soldaduen gainean ere. "Euria hasi du, jaungoikoari esker", gaineratu du.
1969an iritsi zen Libiako boterera hura, Idris erregearen kontrako estatu kolpea emanda. 1951tik zegoen errege Idris, herrialdeak independentzia lortu zuenetik.
Barne ministroaren dimisioa gaur
Abdula Younis Libiako Barne ministroak kargua utzi du gaur, eta "otsailaren 17ko iraultzari babesa" agertu dio. Hura ere, beraz, Gaddafiren dimisioaren alde dago eta armadari eskatu dio manifestariei atxikimendua emateko.
Atzo Mustafa Abdeljalil Justizia ministroak laga zuen postua, Libiako "egoera odoltsua" dela iritzita. Haren ustez, Poliziak "gehiegizko indarkeria" erabili du manifestarien aurka.
Bengasin 300 lagun hil direla diote, eta Tripolin 62
Bengasi hiriko zerbitzu mediko batzuek adierazi dute han azkeneko egunetan 300 lagun hil direla Libiako polizien tiroen eta armadaren bonbardaketen ondorioz. Haien arabera, hildako gehienak gazte zibilak dira.
Human Rights Watch (HRW) erakundearen arabera, berriz, Tripolin igandetik 62 lagun zendu dira polizien eta militarren "errepresioaren" ondorioz.
Egiptoko muga, oposizioaren kontrolpean
Al Jazzera telebista kateak esan du Libia eta Egiptoko muga oposizioaren esku dagoela atzotik. Egiptoko iturriak erabili ditu telebistak hori esateko.
Protestak herrialde arabiarretan
Gaddafik dio ez duela boterea utziko eta prest dagoela Libian hiltzeko
Presidenteak adierazpena egin du herrialdeko telebistan arratsaldean. Gerra zibilaren aukera aipatu du. Barne ministroak dimisioa eman du. [YouTube]http://www.youtube.com/watch?v=xLp1SpoTYmo[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu