Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako errebolta gerra irekia bilakatu da Libian azken egunetan. Hegazkinen bonbardaketak, hirien setioak, buruz buruko borrokak... gerraren ezaugarriak dira horiek. Alde bakoitzak herrialdearen zati bat du kontrolpean: mendebaldea Gaddafik, eta ekialdea oposizioak. Mendebaldean, ordea, oposizioak hainbat hiri bere esku ditu, eta erregimena horiek berreskuratzeko ari da erasoan. Borroka gune gogorrena Az Zauian dago, eta erregimenak estu hartu ditu hiriko oposizioko indarrak. Ekialdetik mendebaldera, berriz, erasoaldia hasi du oposizioak, baina abiazioaren bidez hori oztopatu, eta posizioak irabazten hasi nahi du Gaddafik.
Az Zauiako setioak bi egun bete ditu jada. Borroka bortitzen berri eman dute hiritik, eta horrek informazio argia eskuratzea zaildu du. Hildakoak zenbat izan diren ere ez dago argi. Iturri batzuek 200dik goiti direla diote. Erregimenaren aurkako indarrak hiriaren erdigunean daude gotortuta, Martirien plazaren inguruan. Giza eskubideen aldeko ekintzaile Mohamed Kasemek jakinarazi du Gaddafiren indarrak erdigunetik hiru kilometrora ezarri direla.
Hiriko setioaren arduraduna Khuuailidi al Humaidi jenerala da, Gaddafiren 1969ko estatu kolpea antolatu zuen junta militarreko kidea. Az Zauia Tripolitik 40 kilometro mendebaldera dago.
Bertze borroka fronte nagusi bat, berriz, Ras Lanuf hirian dago, Tripolitik 700 kilometro ekialdera. Milizianoek herenegun hartu zuten hiria, eta oposizioak kontrolatutako lurraldearen muga bilakatu da. Hortik erasoaldia hasi nahi dute Gaddafiren jaioterri Surtera. BBCk Ras Lanufen duen berriemaileak dioenez Gaddafiren indarrek hiritik 40 kilometro mendebaldera egin dute gibelera. Al Jazeeraren arabera, berriz, Surtetik 120 kilometro ekialdera bi aldeen arteko borrokak egon dira.
Bangladeshtarrak, nora ezean
Gatazkatik ihesi jende oldeak alde egin du Libiatik —180.000 lagunek, etorkinak gehienak—. Tunisiako mugan krisi larria sortu du horrek, eta bereziki larria bilakatu da Bangladesheko iheslarien egoera. Txutxako errefuxiatuen kanpamentuan milaka bangladeshtar daude nora ezean, haietaz arduratuko den ordezkaritza ofizialik ez dutelako Tunisian. Nazioarteko erakunderen batek aberriratzeekin laguntzeko esperoan daude.
Libian esku hartzeko prest agertu da Erresuma Batua. Armada herrialdean sartzeko prest dagoela iragarri du, baina «lan humanitarioa» egiteko, «Libiako gizarte zibila babesteko» asmoz. Defendatzeko ez bada Gaddafiren indarrei ez diela eraso eginen adierazi du Londresek.
Protestak herrialde arabiarretan
Gaddafik estu hartu du oposizioa Tripoli inguruan
Mendebaldeko Az Zauia hiriari setio gogorra ezarri dio erregimenak, eta oposizioko indarrak eutsi ezinik daudeEkialdean, Ras Lanuf hiria kontrolpean hartuta, erasoaldian dira erreboltariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu