Protestak herrialde arabiarretan

Gaddafik oposizioaren hiriburua bonbardatu du

Libiako erregimenaren hegazkinek Bengaziko aireportuari eraso egin diote, baina «ihesean» joan direla dio oposizioakDiktadorearen seme Seif el Islamen arabera, «48 ordutan» amaituko da «guztia»

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Lurreko indarrak gero eta hurbilago daudela baliatuz, Muammar Gaddafiren erregimena hasi da oposizioaren hiriburua estutzen. Goizeko lehen ordutan Bengaziko aireportua bonbardatu zuten atzo diktadorearen hegazkinek, eta horrek ezinegona sortu du oposizioko jarraitzaileen artean. Hala ere, ezkortasuna saihestu nahian, erregimenaren aurkako indarrek aldarrikatu dute Ajdabija hiria kontrolpean dutela oraindik —herenegun ailegatu ziren harat erregimenaren tropak—. Gaddafiren seme Seif el Islamek, baina, adierazi du «48 ordutan» bukatuko dela «guztia».

Azken egunetan erregimenaren indarrek azkar egin dute aitzinera ekialdean, Bengazira ailegatzeko helburuarekin. Libiako bigarren hiria da, eta bertan ezarri da oposizioaren Kontseilu Nazionala. Erakunde horretako kide Fati Terbelen arabera, aireportuko bonbardaketak ez du ez biktimarik, ez kalte materialik eragin.Erreboltarien koronel Faradj al Feitunik, berriz, adierazi du erasoari erantzun egin diotela eta horren ondorioz hegazkinak «ihesean» joan direla.

Bengazik 800.000 biztanle inguru ditu. Tripolirekin etsaitasun historikoa du. Monarkia garaian (1951-1969) Idris I.ak hiriburuaren kaltetan Bengaziren aldeko jarrera erakutsi zuen, baina Gaddafiren erregimenak Tripoliren alde egin du ekialdeko hiriaren ordez. Horregatik, diktadorearen aurkako oposizioa Bengazin errotu da indartsuen. Hiriaren tamainagatik eta oposizioak bertan duen indarragatik, beraz, ikusteke dago Gaddafiren indarrak gai izanen diren kontrola hartzeko bertze hirietan bezain azkar.

Bengazira indar guztiekin jotzeko, Ajdabija kontrolpean hartzea komeni zaio erregimenari. Bengazitik 170 kilometro hegoaldera dago, eta bien artean ez dago bertze hiri handirik. Borroka frontea han dago, baina Ajdabija zeinen esku dagoen ez dago argi. Estatuko telebistak dio erregimenak «terroristez garbitu» duela hiria. Oposizioko indarren buru Abdul Fata Junis jeneralaren arabera, baina, milizianoek ez dute hiriaren kontrola galdu, eta Gaddafiren tropei «galera larriak» eragin dizkiete. Haien artean hildako eta zauritu ugari eragin dituztela dio Junisek, eta anitz gatibu hartu dituztela. Al Jazeerak Ajdabijan duen berriemaileak, berriz, jakinarazi du erregimenaren hegazkinek hiria bonbardatu dutela. Atzerriko berriemaileek zailtasun handiak dituzte Ajdabijara ailegatzeko, eta informazio iturri nagusia erregimenak edo oposizioak emandakoa da. Horrek zaildu egiten du informazioa eta propaganda bereiztea.

Mendebaldean zokoratuta

Ekialdean oposizioa gibelera egiten ari bada, mendebaldean erabat zokoratuta gelditu da. Hiri bakarra du kontrolpean: Misrata, Libiako hirugarren hiria —hiriburutik 200 kilometro ekialdera—. Gaddafiren indarrek setiatuta dute hiri hori, eta tankeekin eta artilleriarekin eraso eginez sartzen saiatu ziren atzo. Berri agentziek hiriko iturriak aipatuz diotenez, gutxienez bortz lagun hil ziren erasoan, baina tropek ez zuten Misratan sartzerik lortu. Oposizioak azken egunetan mendebaldean zituen hiri nagusiak, Zuuara (Tunisiako mugatik hurbil) eta Az Zauia (Tripolitik 50 kilometrora), galdu ditu.

Azken hiri horretan petrolio instalazio garrantzitsua dago, eta hango portura zihoan petrolio ontzi bat atzeman dute oposizioko indarrek. Kontseilu Nazionalak jakinarazi duenez, Libiako estatuko itsaso garraiorako konpainiarena da ontzia, eta ekialdera, Tobrukera eraman dute. Erakundeko buru Mustafa Abdeljalilek dio Gaddafik gerra irabaztea ez dela «hagitz probablea», baina hori gertatuz gero oposizioak borrokan segituko duela ziurtatu du, «baliabide guztiekin».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.