Herrialde arabiarretako matxinadak. Libia

Gaddafiren guardiako azkena

Abdula Senussi Libiako zerbitzu sekretuetako buru ohia atzeman dute, Saif al Islam hartu eta egun bakar batera

mikel rodriguez
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Saif al Islam Gaddafi atxilotu eta egun bakar batera, Libiako aitzineko erregimeneko azken ordezkari nabarmenena harrapatu du NTCk, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak: Muammar Gaddafiren zerbitzu sekretuetako buru ohia, Abdula Senussi. Hegoaldeko Sabha hirian aurkitu dute, NTCk nazioarteko hedabideei jakinarazitakoaren arabera. Senussi arrebaren etxean zegoen gordeta, buruzagi militar batek erran duenez. Nazioarteko Zigor Auzitegiak gerra krimenak leporatuta bilatutako erregimeneko azken kidea zen —Gaddafi eta Saif al Islam ziren bertzeak—.

Libiako buruzagi ohiaren sendikoa zen Senussi —Gaddafiren emaztearen ahizparekin ezkondua—, eta haren hurbileneko laguntzaileetako bat. Iragan otsailean ekialdeko Bengazi hiriko protesten errepresioa zuzendu zuelakoan eman zuen Hagak hura atxilotzeko agindua. Mertzenarioen kontratazioaz arduratzea ere egozten dio.

Aitzineko erregimenean hagitz pertsonaia garrantzitsua izan zen Senussi. Wikileakseko kableen arabera, «Gaddafiren begiak eta belarriak» zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, barne segurtasunaren arduradun egin zuen Gaddafik. Aro horretan gertatu ziren, Libia barnean eta atzerrian, oposizioko hainbat kideren hilketak. Urte batzuk geroago, kanpo segurtasunerako ardura eman zion Gaddafik. Garai horretan gertatu ziren Lockerbieko atentatua (1988), eta UTA konpainiako hegazkinaren aurkakoa (1989), Nigerren; 270 lagun hil zituzten lehenbizikoan, eta 170 hurrengoan. Mendebaldeko herrialdeek Libiako zerbitzu sekretuei egotzi zizkieten erasoak —2003an eta 2004an onartu zuten erantzukizuna—. Erresuma Batuko estatuko indarren arabera, Senussik errekrutatu zuen Abdel Basset al Megrahi, Eskoziako Lockerbie hiriaren gainetik pasatzean Panam konpainiako hegazkina leherrarazi zuen Libiako agentea. Frantziak, berriz, 1999an in absentia epaitu zuen Senussi Nigerko atentatuagatik, eta bizi osorako espetxe zigorra paratu zion.

Gaddafiren arerioek ere egozten diote bera izan zela 1996an Abu Salim espetxeko mutinaren zanpaketaren erantzulea —1.200 preso hil zituzten—.

Azken urteetan Gaddafik Senussiren jardun publikoa murriztu zuen nazioartera bidaiatzeko zituen zailtasunengatik, 1980ko hamarkadako atentatuen ondorioz. Gerra zibilean, NTCk birritan hiltzat jo zuen Senussi.

Hagarekin eztabaida

Senussi Tripolira eramateko asmoa du NTCk, han epaitzeko. Litekeena da, beraz, Saif al Islamekin sortutako eztabaida bera sortzea. Hau da, Nazioarteko Zigor Auzitegiak haiek epaitzeko asmoa du, baina NTCk prozesua Libian bertan egin beharra dela aldarrikatu du.

Azken berrien arabera, Saif al Islam Zintan hirian dute oraindik —Tripolitik 135 kilometro hego-mendebaldera—, galdekatzen. NTCk agindu du «bidezko epaiketa» eginen diola. Saif al Islam eta Senussi atxilotuta, Gaddafiren aldekoak erreferente politikorik gabe gelditu dira. Gaddafiren hiru seme hil dira gerran, bat preso dute, eta bertze hiru eta alaba bakarra erbesteratuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.