Al Obeidi Gaddafiren Kanpo Arazoetarako ministroak Channel 4 kateari egindako adierazpenetan esan du erregimena "bukatuta" dagoela. Ministroak azaldu du ez dagoela gobernuko inorekin harremanetan "baina nire esku balego borrokak bertan behera uzteko esango nieke Gaddafiren jarraitzaileei".
Matxinoek hiria kontrolpean dutela dioten arren, borrokak ugaritu egin dira Tripolin goizean Muammar Gaddafik borrokarako deia zabaldu ostean.
Matxinoak Tripolin sartu zirenetik Gaddafi non zegoen zen galdera nagusia; bart goizaldean zabaldu diren bi ahots grabazioetan Gaddafik dioena egia bada, Tripolin jarraitzen du, borrokarako prest.
Irrati kate batean aurrena eta Al-Rai TV telebista katean zertxobait geroago eman dituzte Gaddafiren adierazpenak, bi grabazio desberdin. Nolanahi ere, bietan antzekoa da mezua: ziurtatu du erreboltarien eta nazioarteko indarren erasoari eustea dela bere asmoa; hots, "irabaztea edo hiltzea" beste aukerarik ez duela buruan. Era berean, Bab al Aziziako gotorlekutik alde egitea "mugimendu taktikoa" izan dela dio, eta dei egin die Libiako herritar guztiei, "gizon zein emakumeei", Tripoli hiriburura joan eta "etsaia garbitzeko". Grabazioetan esan du Tripoliko kaleetan ibli dela azken orduetan, ezkutuka, eta ez duela sentitu arriskuan dagoenik.
Errebeldeek oraintxe duten helburu nagusiena Gaddafi aurkitzea da, "bizirik edo hilda". Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak amnistia eskaini dio Gaddafi aurkitu edo hiltzeko gai denari. "Bere inguru hurbileko norbaitek Gaddafi atzeman edo hiltzen badu, amnistia eskuratuko du eta aurrez egin duen edozein krimen barkatuko diogu".
TKN: "Hauteskundeak, zortzi hilabeteren buruan"
Atzo Gaddafiren egoitza mendean hartu zuten erreboltariek. Haiek zein nazioarteko komunitateak amaitutzat ematen dute Gaddafiren aroa. Ildo horretatik, TKN Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak agertu du Gaddafiren kontrako matxinoek osatutako gobernu berria datorren larunbatean Tripolin izatea espero dutela. Guma al Gamati TKNren Erresuma Batuko ordezkariak agertu du Gaddafiren armadaren zatiak geratzen direla oraindik Tripolin eta beste bi hiritan, baina denbora kontua baino ez dela haiek mendean hartzea. Asteburuan jarri du muga.
Ildo bertsutik, Mustafa Abdul Jalil TKNko presidenteak adierazi du zortzi hilabeteren buruan egingo direla hauteskunde libreak Libian. Italiako La Repubblica egunkariak egindako elkarrizketan Abdul Jalilek nabarmendu du "gobernu demokratikoa eta konstituzio justua" dituztela helburu.