Bara al Jatib Libiako Trantsiziorako Batzorde Nazionaleko kideak esan duenez, errebeldeak prest daude Muammar Gaddafiri zigorrik gabe joaten uzteko, boterea berehala uzten badu. Bi aldeen artean negoziazioak izan dira alde horretatik azken orduetan, eta atzo Sharq al Aswat egunkariak argitaratu zuenez, Gaddafik begi onez ikusten bide du irteera hori. Al Jazeera telebista katearen arabera, hainbat "pertsona ezagunek" hartu dute parte bi aldeen arteko negoziazioetan, AEBetako eta Europako agintariekin telefonoz harreman zuzena duten aldi berean.
Gaddafiren inpunitatearen auzia, ordea, tribuetako batzordeek onartu behar dutela gaineratu du Al Jazeerak. Negoziazioaren bideak aurrera egiten badu, Gaddafi zer herrialdek hartu geratuko da erabakitzeko. Gerra zibil luzea izatea saihestu nahi dute negoziazioarekin, posizioak egonkortu egin direla baitirudi. Gaur Bregako eta Ras Lanufeko petrolio portuak itxi egin dituzte, errebeldeak eta Gaddafiren aldekoak borroketan ari baitira horietatik gertu dagoen lur eremua eskuratu nahian. Gaddafiren armadak, gainera, Zauija hiria bonbardatzen jarraitzen du.