Galestarrek autogobernua handitzeko erreferenduma bozkatuko dute gaur

Baiezkoak irabaziz gero, Galesko Biltzar Nazionalak legeak zuzenean egiteko ahalmena izango du

Jon Fernandez.
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Autogobernuan pauso bat gehiago emateko aukera du gaur Galesek. Erreferendumean ondorengo galderari baietz edo ezetz erantzuteko aukera izango dute botu eskubidea duten 2,2 milioi galestarrek: Nahi al duzu aurrerantzean Galesko Biltzar Nazionalak eskumena duen 20 arloetan legeak egiteko ahalmen zuzena izatea?

Azken inkesten arabera baiezkoak ezezkoak baino babes handiagoa jaso dezake, baina tarte txikiarekin. Biltzar Nazionalean ordezkapena duten lau alderdi nagusietatik hiru baiezkoaren alde daude, eta kontserbadoreek ez aldeko eta ez kontrako jarrera hartu dute ofizialki. «Gure aurreikuspenen arabera hautesleen %60 inguru baiezkoaren aldekoa da», dio Morgan Lloyd Plaid Cymru Galesko alderdi abertzale garrantzitsueneko komunikazio arduradunak. Galesko Alderdi Laboristak 26 eserleku ditu biltzarrean eta Plaid Cymruk 14. 2007ko hauteskundeez geroztik elkarrekin gobernatzen dute, eta gaurko erreferenduma One Wales koalizio akordioko puntu garrantzitsuenetakoa izan zen.

Egun, Galesko Biltzar Nazionalak gehiago du erakunde autonomiko administratibotik parlamentu legegiletik baino. Lege bat egin nahi izanez gero, Westminsterreko Parlamentuarekin lege proposamena moldatzeko eta negoziatzeko prozesu luze eta korapilatsua abiatu beharra daukate. «Hiru urte behar izan ditugu umeen autobusetan aulkiko gerrikoa arautzeko, Cardiffetik Londresera bueltaka ibili behar izan dugulako», dio Llydek. Gainera, Londresek du azken hitza beti, eta Galesen adostutako edozein lege atzera bota dezake.

Baiezkoak irabazten badu, besteak beste, kulturaren, osasunaren, hizkuntzaren, administrazio publikoaren, etxebizitzaren edota garraioen alorretan legeak zuzenean egiteko ahalmena izango du Galesko Biltzar Nazionalak, Westminsterren onarpenik behar barik. «Legeak azkarrago egiteaz gain merkeago egingo ditugu. Urtean ia 3 milioi euro aurreztuko ahal izango ditugu», Plaid Cymru alderdiaren arabera.

Galesko bozak,oso gertu

Ezezkoaren aldekoek ere diru arrazoiak darabiltzate ahotan: Cardiffeko legebiltzarkide eta funtzionario kopurua igo egingo dela eta erreformak zergen igoera ekarriko dutela, besteak beste. Biltzarrean jarrera neutroa mantendu badu ere Galesko Alderdi Kontserbadorea da, batez ere, ezezkoa sustatzen ari dena. Hala ere, badira ezetz bozkatuko dutela publikoki esan duten politikari laboristak ere. Alderdi Laboristako James Donnelly Touhig diputatu galestarrak, esaterako, egun osoa eman zuen atzo ezezko bozkaren aldeko kanpaina eginez.

Plaid Cymru alderdiaren ustez galestar askok barneratuta daukate egungo sistema defizitarioa dela. Hala ere, hedabide handien eraginaren beldur dira: «Galesen ez daukagu hedabide indartsurik, eta galestar askok Erresuma Batuko komunikabide boteretsuenak irakurri eta ikusten dituzte, gauzak bere horretan manentzearen alde daudenak. Bertoko erakundeen egoeraren kontzientzia izatea oztopatzen du horrek zoritxarrez».

Bi hilabete barru dira, maiatzaren 5ean, Galesko Biltzar Nazionalerako hauteskundeak, eta beraz, erreferendumaren emaitzak guztiz baldintzatuko du aurki abiatuko den kanpaina. Bihar arratsalderako jakinaraziko dute galdeketaren emaitza.

Ez da Galesen erreferenduma egiten duten lehen aldia. 1997an galdeketa egin zuten egungo Galesko Biltzar Nagusia sortu ala ez erabakitzeko. Ordukoan, baitzaren alde agertu zen %50,3 eta kontra %49,7. Ozta-ozta eman zuten autogobernuranzko lehen pausoa orain hamalau urte. Ikusteko dago oraingoan zein norabide aukeratuko duten galestarrek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.