2010erako martxan espero zituzten Galileo nabigazio sistemaren 30 sateliteak, Lurraren inguruan zelatan.Europako erakundeen asmo handia da, AEBetako GPS(Global Positioning System) nabigazio sistemaren monopolioarekin hausteko ahalegina. Baina ezin. Sistema garatzeko ardura hartu zuten enpresa pribatuen artean desadostasunak nagusitu dira, eta apenas aurreratu duten ezertxo ere. Bruselak, arduratuta, bidegurutzera eraman ditu; bi hilabeteko epea eman die, epe horretan lanean hasteko akordiotara heltzen ez badira, «alternatibak» bilatuko dira.
Erabakiaren berri atzo Garraio Ministroen Kontseiluak eman zuen. Espero zen. Izan ere, iragan hilabeteotan argi ikusi da nahi eta ezinean murgilduta dagoela egitasmoa. Egin beharreko sateliteetatik bakar bat bukatu eta bidali dute zerura Giove A. Egindako bestea, Giove B, oraindik bidaltzeko dago, hainbat arazo tekniko tarteko, eta Giove-A2 enkargatu baino ez dute egin. Erresuma Batuko enpresa baten ardura izango da egitea. Gainerako sateliteak 27 geratzen dira egitasmo baino ez dira oraindik. EB Europako Batasuna eta ESA Europako Espazio Agentziak maiz erakutsi dute horren aurrean kezka.
Europako zortzi enpresak osatzen dute Galileori forma emateko eratu zen partzuergoa. «Atzerapenik gabe» akordio bat lortzekoeskatu zaie.
ERRENTAGARRITASUNA. Antza egitasmoaren errentagarritasunak kezkatzen ditu enpresak. GPSa errotutako sistema da, eta doakoa, harekin lehia egitea zaila izango da. Horretaz gain, nabigaziorako satelite bat bidaltzekoa da aurki Txina ere zerura. Horrek ere dudak eragiten dizkie enpresaburuei. 3.600 miloi euroko aurrekontua du egitasmoak, Europak inoiz izan duen espazio egitasmorik garestiena da, eta argi ikusi nahi dute enpresek bideragarritasuna. Kontrol teknikorako guneak non jarriko diren ere guztiz erabakitzeko dago, eta eztabaida iturri izan da hori ere.
1999an hasi ziren egitasmoa lantzen Europan, eta 2004an eman zioten Europako Batasuneko Garraio ministroek argi berdea. Galileok Europako Batasunaren lehiakortasuna eta Barne Produktu Gordina handituko zituela esan zuten. Erabilera ugari izango zituela aurreikusi zuen orduko hartan Garraio komisionatu Jacques Barrotek: «Auto istripuetan informazio zuzena izango dute larrialdi zerbitzuek, auto ilarak saihesten laguntzeko balioko du, baita suteak, uholdeak eta bestelako hondamendik naturalak aurreikusteko ere». Hasiera hartan egitasmoa 2008rako abian espero zuten.
GPSak Galileorentzat aurreikusitakoak baino askoz ere satelite gutxiago ditu, eta, ondorioz, hutsuneak. Ez da perfektua. Galileo «zorrotzagoa eta fidagarriagoa» izango dela diote haren sustatzaileek. Eta izango da. Eguna heltzen bazaio.
Galileo, bidegurutzean
Eratu nahi duen satelite bidezko nabigazio sistema berpizteko epemuga jarri du Bruselak: maiatzaren 10a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu