Mundua

Galizian hausnarketa eguna dute gaur, biharko hauteskunde autonomikoei begira

PSdeG sozialdemokrataren eta BNG nazionalista moderatuaren arteko koalizio gobernua dago jokoan, PPk boterera itzuli nahi baitu. Halere, inkestek ez dute hauteskunde ondorengo itunetan aldaketa handirik aurreikusten. Bihar 22:00etarako botoen %100 zenbatuta izango dituztela esan du Hauteskunde Batzordeak.

2009ko otsailaren 28a
15:05
Entzun
Galizian hauteskunde autonomikoak egingo dituzte bihar, eta gaur hausnarketa eguna dute. 2,6 milioi biztanle daude deituta bozkalekuetara. PSdeG sozialdemokraten eta BNG nazionalista moderatuen arteko koalizio gobernua dago jokoan, PPk boterera itzuli nahi baitu. Dena den, inkesten arabera, ez dirudi aldaketa handirik izango denik Xuntako gobernuaren osaketan.

Azken lau urteetan PSdeG Galiziako Alderdi Sozialista izan da nagusi, 2005ean PP Alderdi Popularrari urteetako gehiengo absolutua kenduta (nahiz eta PP izan orduan ere alderdirik bozkatuean). PSdeGk nazionalista moderatuekin, BNG Bloke Nazionalista Galiziarra (hainbat talderen aliantza) gobernatu du Santiagon, biek koalizio kabinetea hitzartuta. Baina PP indartsu dator berriz, eta boterea berreskuratu nahian dabil.

PPko hautagai Alberto Nuñez Feijook atzo Ourensen esan zuen PPk "historia" egingo duela, "boterea galdu eta soilik lau urtera hura berreskuratuko duelako". Azaldu zuenez, Xuntako presidente Emilio Perez Touriñok (PSdeG) "porrota usaintzen" ari da, eta horrexegatik deitu zion Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori (PSOEkoa) azken unean Santiagorako hegazkina har zezan, PSdeGren mitinean parte hartzeko.

Feijook, bere aldetik, Espainiako PPko presidente Mariano Raxoi (galiziarra) izan du alboan hainbat mitinetan. PPren kanpaina "galizieraren inposaketaren aurka" zentratu da, eskuindarren iritziz, Xuntak Galiziako hizkuntza ezarri nahi baitu.

Bien bitartean, PSdeGko hautagai eta Xuntako jarduneko presidente Emilio Perez Touriñok "aldaketa" gehiago agindu du. Bozketari "bidegurutze erabakigarria" iritzi dio, eta herritarrei bozkatzera joateko erregutu die. "Galiziak inoiz ez du hainbesteko zeresana izan [Espainiako] Estatuan", erantsi zuen Rodriguez Zapaterok atzo.

BNGk beretzako botoa eskatu du, bozkalekuetan "eskuin mediatiko eta enpresa arloakoa garaitzeko". Blokeko buru eta hautagai Anxo Quintanaren idurikotz, BNGk biko gobernuan egon izanak "benetako iratzartze astindua" ekarri dio Galiziari. Berari jarraiki, gobernuan izan delarik "gehiengo sozialaren interesak lehenetsi" dituzte, eta ez, "PPk bezala, eliteenak".

Alderdi txikiagoen kanpaina

Alderdi txikiagoen artean (oraingoz diputaturik gabeak) lehiatuko dira FPG Galiziako Herri Frontea ezkertiar independentista (behiala Euskal Herrian Herri Batasunaren sostengatzaile, Europako hauteskundeetan), Nos-Unidade Popular (hau ere ezker independentista, eta Euskal Herriko HZ Herritarren Zerrendaren sostengatzaile, Europako bozetan) eta TeGa Terra Galega zentroko alderdi galegista. Oraingoan ere, antzeko ideologia eta ildoa duten arren, FPG eta Nos-UP ez dira aliantza bat hitzartzeko gai izan.

FPGko hautagai Xose Luis Mendez Ferrinek "egungo esparru politiko-juridikoa gainditu beharra" nabarmendu du. "Tenorea da egitura nazional berri, demokratiko eta plurala eraikitzeko".

Mendez Ferrinen esanetan, orain arte Santiagoko legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiak (PP, PSdeG eta BNG) ez dira "gai" izan "langile klasearen, nekazarien, gazteen eta intelektual konprometituen sakon beharrak defendatzeko". Hala, herritarrei "konplexurik gabe autodeterminazioaren eta ezkerreko politiken alde egiten duen indarrari, FPGri" botoa emateko eskatu die.

Nos-UPeko buru Carlos Moraisek eta beste alderdikide batzuek salaketa jarri zuten atzo, kanpainan zehar Espainiako Poliziaren eta Galicia Bilingue (Galizia Elebiduna) gaztelaniaren aldeko taldearen eskutik "jazarpena eta erasoak" jaso dituztela argudiatuta.

Ezkerreko eta independentisten botoa galdegin du Nos-UPk.

Bestalde, TeGako hautagai Xoan Gatoren hitzetan, "benetako boto baliagarria Terra Galegara doana" da. Horrekin uko egin dio "TeGarako botoek PSdeGri kalte eta PPri mesede" egingo diotela dioten adierazpenak, PSOEko Antolakuntza idazkari Jose Blancok eginak.

Horren aurrean zera esan du Gatok: "PSdeG, BNG edo PPri bozkatzeak esan nahi du Galizian denak berdin segituko duela. Terra Galega da benetako aldaketa eragin dezakeen bakarra".

Botoen zenbaketa

Horiek hala, bihar 22:00etarako botoen %100 zenbatuta izango dituztela esan du Hauteskunde Batzordeko arduradun Jose Luis Mendez Romeuk.

Galiziako 4.100 bozka mahai ingururen emaitza horiek, dena den, behin-behinekoak izango dira. Gainera, Galiziatik kanpo bizi diren hautesleen (335.357 lagun, erroldatuen %12,7; horietako %5, kasu, Argentinan bizi dira) botoen emaitzak astebete geroago jakingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.