Perluigi Bersaniren PD Alderdi Demokrata nora ezean dabil azkenaldian, ideia argirik gabe, hala ere, Italiako eskualdeetako eta probintzietako hauteskundeak irabazi egingo dituela diote, Silvio Berlusconi ez baitago bere garai onenean. Ustelkeria kasuek, zerrenda irregularren kaosak eta eskuina pairatzen ari den gero eta zatiketa handiagoak ez dio mesede egin lehen ministroaren alderdiari. Inkestetan iragarritakoa betetzen bada, gaur eta bihar bozkatuko den hamahiru eskualdetatik zazpitan izango da garaile PD, eta seitan PDL Askatasunaren Herria. 44 milioi italiar deitu dituzte bozkatzera. Eskualde horiez gainera, 11 probintzitako eta mila udalerritako ordezkariak aukeratuko dituzte.
PDk hobera egingo duela iragarri dute, eta Berlusconiren alderdia botere gehiegikeriagatik zigortuko dutela. Hala ere, Berlusconik irabaziko luke, botoen %30 bilduta -iazko ekaineko Europako Hauteskundeetan baino lau puntu gutxiago-, eta ezkerrak, berriz, badirudi %28 baino gehiago lortuko duela. Dena den, Berlusconik azken unean botoak eskura ditzake; iazko abstentzioa baino txikiagoa izango da, eskuinaren mesederako. Kanpainan ideia hori nabarmendu du: «Ez dadila boto bakar bat galdu, galtzen den boto bakoitza ezkerraren alde jartzen baita. Bi aukera daude: egiten dakien gobernuarena edo kritiken ezkerrarena, inbidiarena eta gorrotoarena».
Abstentzioaz gainera, atzo bertan ustez eskutitz bat jaso zuen bala bat eta mehatxuak zituela. Iazko abenduan egin zioten erasoaren ondorioz -hortz bat hautsi ziotenekoa-, haren aldeko jarrerak asko egin zuen gora. Borroka horretan, eskualde ezkertiarrak bereganatzeko «lau emakume atsegin eta on» aukeratu ditu: Renata Polverini (Lazio), Monica Faenzi (Toscana), Fiammetta Modena (Umbria) eta Anna Maria Bernini (Emilia-Romagna).
Duela bost urte bozetan Romano Prodik gidatutako Unione koalizioak hauteskundeak historiko bilakarazi zituen 11 eskualdetan irabazita -Lombardian eta Veneton gailendu zen soilik eskuina-, eta, ondoren, boz orokorrak irabazi zituzten, baina koalizioari eusteko ezintasunaren eraginez, Gobernua erori, eta Prodik dimisioa eman behar izan zuen lehen ministro zela.
Berlusconik 2008an lortutako erabateko garaipenarekin, ezkerrak ezin izan zuen burua altxatu; hemezortzi hilabetean hiru aldiz aldatu dute buruzagitza, eta Bersani izan da azkena. Lasaia da, eta errealista. Azaldu duenez, oso konforme legoke gutxigatik izanda ere irabaziko balute.
Hauteskundeotako irabazleetako bat Lega Nord izango da, goranzko joeran jarraituko duelako. Agintzen duena betetzen du, eta xenofobia hedatzen aditua da; ez du inolako zalantzarik erakusten egiten dituen baieztapenetan, eta gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari da horregatik.
2001ean, biztanleen %3 besterik ez ziren haren jarraitzaileak, eta iaz, berriz, %10,2ra igo ziren Europakoetan -Orokorra izan zen igoera Europan-. Hirugarren lekua eskuratuko du, inkesten arabera.
Bien bitartean, ezkerreko hainbat ahots altxatu dira ustelkeria salatzeko. Zerrendetan irregulartasunak izan direla eta botoak manipulatzea Italian ohikoa bilakatzen ari dela salatu dute. Nazioarteko behatzaileak eskatu dituzte, baina horiek hauteskunde orokorrak direnean egiten dute soilik jarraipena. Gainerakoetan, eskualdekoetan barne, Gobernuari dagokio eginbehar hori.
Kanpaina bitxia eta berezia izan da: justiziaren eta boterearen gehiegikeria izan dira hizketagai nagusiak. Inork ez ditu aipatu ere egin herritarren arazoak, eta jendeak gogoan izango ditu telebistako saio politikoei betoa ezarri izanagatik.
Lehen ministroa auzitan dago, botere gehiegikeriagatik eta RAI telebistako zuzendariari agindutakoagatik. Mehatxuen artean, Mauro Masiri eskatu zion Anno Zero saioa kentzeko eta Eugenio Scalfariri eta Ezio Mauro parte-hartzaile eta Repubblica egunkariko sortzaileei betoa jartzeko. Masik erantzundakoa ezagun egin da: «Hau ez da Zimbabwenere gertatzen».
Galtzailetzat jo dute Berlusconi Italiako eskualde hauteskundeetan
Hamahiru eskualdetako gobernuak aukeratuko dituzte gaur eta bihar; inkesten arabera, ezkerra zazpitan gailenduko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu