GAMeko buruak Indonesiako presidente Susilo Bambang Yudhoyonorekin bildu ondoren egin zuen iragarpena. Azken hileotan gerrillariak mendietako kanpamenduetatik beren herrietara itzuli, eta 840 arma baino gehiago utzi dituzte nazioarteko begiraleen esku. Urtea amaitu arte zuten epea armak suntsitzeko. Indonesiako Armadari dagokionez, bihar da azken soldaduak Acehekoak diren 9.700 bat izan ezik erretiratzen bukatzekoa.Atzoko erabakia joan den uztailaren 17an hitzartu eta abuztuaren 15ean GAMek eta Indonesiako Gobernuak Helsinkin (Finlandia) sinatutako akordioari jarraiki hartu du talde independentistak. Itunaren arabera, GAMek independentzia (armen bidez) eskatzeari uko egin zion, baina Jakartak, ordainez, autonomia zabala eta lurreko ondasunen kudeaketa bidezkoagoa onartu zion Acehi. Gainera, GAMeko kideei amnistia emango ziela onartu zuen; GAMek, bere aldetik, bere 3.000 gerrillari desarmatzeko eta desmobilizatzeko eta alderdi politiko bihurtzeko konpromisoa hartu zuen. Dena den, alderdi politikoak eratzea ahalbidetu beharko du Indonesiak, legea aldatuta. Gainera, gerrillari ohiak segurtasun indarretan sartzeko aukera aurreikusten du abuztuko akordioak. 2006ko apirilean Aceheko gobernadorea eta 2009an Legebiltzarra hautatuko dituzte.
Arriskuak
Acehen ondasun naturalen (bereziki petrolioa eta gas naturala) ekoizpenetik ateratako irabazien %70 eskualdean bertan geratuko da aurrerantzean. Era berean, Indonesiak Acehera bidalitako soldadu eta polizia gehienak erretiratuko zituela onartu zuen.
Azken 30 urteotan, 15.000 pertsonaren heriotza eragin du gatazkak. Alabaina, GAMek abuztuan ohartarazi zuen akordioa sinatu arren arriskua zegoela Jakartak armaz hornituriko paramilitarrek baketzea koloka jartzeko; izan ere, hauek iragarri zuten GAMeko kideak hilko zituztela, hauek armak entregatu ahala. Itxura batean, GAM zirikatu eta Indonesiako Armadari esku hartzeko aitzakia ematea litzateke paramilitarren helburua, independentistak hiltzeaz gain.Hori gertatzen ez dela eta abuztuan sinatutako bake hitzarmena gauzatua izango zela bermatzeko, bakerako misio zibila eratzea erabaki zuten, Europako Batasunak eta ASEAN Asia hego-ekialdeko nazioen elkarteko kide Brunei, Filipinak, Malaysia, Singapur eta Thailandiak osatua. Pieter Feith finlandiarrak gidatzen duen behaketa taldea Acehen 250 begirale hedatu zituen. Hauen zereginak Indonesiako Armadaren erretiratzea eta GAMen desarmea behatzea ziren. Giza askatasunen epaitegia eta bakea egiteko batzordea eratzea ere bermatzekoak ziren.
Kronologia
804: Perlak, lehen erresuma islamikoa ezarri zuten Acehen.
1607-1636: Iskandar Muda sultanaren agintepean eskualdeko estaturik boteretsuena izan zen Aceh.
1641-1873: Iskandar Thani sultanaren heriotzaz geroztik Acehen eraginak behera egin zuen eta britainiarrak eta herbeheretarrak lurrak okupatzen hasi ziren.
1873-1942: Milaka bizi galdu ziren okupatzaile herbeheretarren kontrako borrokan.
1945: Indonesiak independentzia eskuratzean Aceh haren zati bilakatu zen. Estatua eraikitzen rol handia jokatu zuen Acehek.
1953: Teungku Daud Beureueh buruzagiaren gidaritzapean Indonesiako Gobernuaren kontrako borroka hasi zen. Aceh Ipar Sumatra probintzian sartu zuen Jakartak. Zentralizazioaren aurkako mugimendu handia izan zen Acehen, DI/TII Aceh gisa ezaguna.
1976: Hassan di Tirok GAM Aceh Askatzeko Mugimendua sortu zuen, independentzia lortzeko helburuarekin. Suhartoren gobernuak zapalkuntza militarra erabili zuen haren aurka.
1989-1998: Sare Gorria operazioarekin Aceh menperatu nahi izan zuen Indonesiak. Milaka hildako izan ziren, baita giza eskubideen urraketa pila ere.
2002ko abenduaren 9a: GAMek eta Indonesiako Armadak bake hitzarmena sinatu zuten Suitzan.
2003ko maiatzaren 18a: Ondoko negoziazioek porrot egin eta su-etena hautsi zuten. Azken bilkura Tokion egin zuten bi aldeek.
2003ko maiatzaren 19a: Gerra Legea ezarri eta militarrak bidali zituen Acehera Indonesiak.
2004ko maiatzaren 19a: Gerra Legea bertan behera utzi eta larrialdi egoera ezarri zuten.
2005eko abuztua: Indonesiak eta GAM gerrillak bake akordioa sinatu zuten Finlandian. GAMek desarmea hastea onartu zuen, Indonesiak autonomia zabala ematearen eta 20.000 soldadu erretiratzearen truke.
2005eko abenduaren 27a: Desarmea burututa, bere adar armatua desegin zuen GAMek.