Egiptoko behin-behineko gobernuak badu lehen ministroa: Kamal Ganzuri, baina militarren nagusitasunarekin nazkatuta dauden herritarrentzat ez da balekoa. Essam Sharafek eta haren taldeak egoerak ahituta dimisioa eman ondoren, joan den astelehenean, Junta Militarrak Ganzuriren aldeko apustua egin du, baina herritarrek ez dute ulertzen zergatik, egoera hain larria izandaGanzurik ez duelako giroa hobetzen laguntzen; izan ere, Hosni Mubaraken gobernuan aritua da.
Sendo agertu da Ganzuri, baina, kargua onartzerakoan, erabakiak herritarrengan sortu duen mespretxuak eragin izango ez balio bezala: «Gobernuko beste edozein buruzagik baino eskumen gehiago» izango dituela esanez sartu da politikako agertokian. «Eman dizkidaten eskumenek beste edozein kabineteri emandakoak gainditzen dituzte».
Gobernua ez du asteleheneko hauteskundeak baino lehenago osatzerik izango, baina «oso bizkor» lehen ministroaren zereginak zehazten dituen zuzenketa onartuko du. Essam Sharafen taldeko hainbat ministrok berriz behin-behineko gobernuan egoteko aukera izango dute, baina «batez ere konfiantzakoak» nahi ditu Ganzurik.
Herritar askok nahi ez dituzten hauteskundeak eta Mubaraken oinordekoez jositako trantsizioa jasanezina bilakatzen ari dira, baina aldaketarik ezean, Ganzuri lehen ministro izango da legebiltzarrerako hauteskundeen prozesua amaitu arte, urtarrilaren 10era bitartean gutxienez. Legebiltzarra aukeratua dagoenean, hark Ganzuriren aldeko botoa eman edo kargutik kentzea erabakiko du.
Bien bitartean, Mohamed Hussein Tantaui mariskalak hartzen ditu erabakiak, baina ez dela luzerako izango ziurtatu du Ganzurik: «Ez du boterean geratzeko asmorik. Hala izango balitz, ez nuen kargua onartuko». Tantauik ez dio erraz eutsiko botereari, gero eta ahots boteretsuagoak kontra baititu. AEBetako Gobernuak, lehen aldiz, bat egin du Tahrirko manifestariekin, eta Etxe Zuriak bidalitako komunikatuan argi eta garbi hitz egin du: «Egiptoko gobernu berriak agintzeko eskumen errealak eskuratu behar ditu berehala. Pentsatzen dugu botere guztia gobernu zibil baten esku utzi behar dela, era justuan, eta ahal bezain laster Egiptoko herritarrek dituzten eskaera legitimoak barneratu behar dituela». Tantauik kontuan hartu beharko du AEBek esandakoa, jasotzen duen laguntza militarra urtean 1.300 milioi dolar baino gehiagokoa baita. Dena den, «ahal bezain laster» esateak denbora uzten dio Junta Militarrari. Boterea utziko du, baina presarik gabe.
«Behartsuen ministroa»
Ganzuri 1933an jaio zen, Gizan, Egiptoko iparraldean. Ekonomia ikasketak egin zituen Michigango unibertsitatean. Afrikaren garapen ekonomikoa bultzatzeko, Arabiako Bankuaren aholkulari ekonomikoa izan zen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan. 1976. eta 1977. urteetan, berriz, Egiptoko bi probintziatako gobernadore izan zen.
1996tik 1999ra bitartean, Egiptoko lehen ministro izendatu zuen Mubarak presidenteak, eta Munduko Banku Zentralarekin harremanak estutu zituen bere agintaldian. Egiptoren 2017ra bitarteko garapen ekonomikoari buruzko plana izan zen haren lan nagusia; herrialdeak lur berriak lortzea zuen helburu. Behartsuen ministroa ezizena jarri zioten, karguan egon zen bitartean Egiptoko pobrezia maila %4 jaitsi zuelako.
Ganzuri izango da lehen ministroa, Mubaraken gertukoa
Junta Militarrak gobernu behin-behinekoa osatzeko ardura eman dio; herritarrek, ordea, ez dute begi onez ikusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu