Protestak herrialde arabiarretan. Libia

Garaileen irudia Tripolin

Nicolas Sarkozy eta David Cameron izan dira Gaddafiren ondorengo Libia bisitatu duten nazioarteko lehen buruzagiakMatxinoen buruzagiak Nigerko muga kontrolatzeko laguntza eskatu du

mikel rodriguez
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerraren amaieran, erregimen naziaren aurkako aliatuen helburu nagusia norbere kasa Berlinera lehenbiziko ailegatzea izan zen. Garaipena sinbolizatuko zuen irudia nahi zuten, eta, gaur egun, Berlingo kantzelaritzan jarritako Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko banderarena da argazkirik famatuena. Libian ere, behin matxinoek Tripoli hartuta, Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako nazioarteko aliatuek lehen irudia lortzeko lehia egin dute. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak jakinarazia zuen gaur joatekoa zela Tripolira, baina Frantziako presidente Nicolas Sarkozy eta Erresuma Batuko lehen ministro David Cameron aitzinatu zaizkio, eta, hala, historiarako argazkia kendu diote. Hemendik aitzinera, Sarkozy eta Cameron izanen dira Gaddafiren ondorengo Tripoli bisitatu duten nazioarteko lehen buruzagiak.

Erdogan Egipton eta Tunisian izan da, Libiara joan aitzinetik. Erregimen zaharrak bota dituzten herrialdeei Turkiako sistema politikoa, «demokrazia islamista», eredutzat saldu nahi die Erdoganek. Urte hasierako matxinadek, eta Israelekiko gatazka diplomatikoak aukera ezin hobea eman diote Turkiari inguruko herrialde musulmanekiko harremanak indartu eta eskualdeko lidergoa eskuratzeko. Libian, ordea, NATOren erasoan parte hartzeari uko egin zion hasiera batean, eta Gaddafiren eta matxinoen artean bitartekari papera jokatu nahi izan zuen Erdoganek. Asteak igaro ahala, baina, bere posizioa aldatuz joan zen, eta nahiz eta bonbardaketetan ez parte hartu, laguntza logistikoa eman zion NATOri.

Frantzia eta Erresuma Batua, ordea, nazioarteko esku hartzearen ezpata punta izan dira, operazio militarra sustatu zuten lehenbizikoak, eta AEBek erasoak zuzentzeari utzi ziotenetik, baliabide gehien paratu dituztenak. Ezin zuten utzi Turkiak Tripoliko argazkia ebastea. «Sarkozyk eskubide guztia du Libian harrera egin dioten munduko lehenbiziko presidentea izateko, Frantziaren laguntzarik gabe Bengazik eta bere herriak ezin izanen zuketelako iraultza herrialde guztira eraman», adierazi du Trantsizio Nazionalerako Kontseiluko idazkari Jaled Amer al Turjumanek. Mustafa Abduljalil matxinoen gobernu erakundeko presidenteak ere bere eskerra adierazi zien Sarkozyri eta Cameroni, «erabaki ausartak» hartzeagatik. «Sostengu politiko, ekonomiko eta militarra eman zigutelako lortu dugu matxinoek estatu bat ezartzea».

«Bukaera, urruti»

Tripolin matxinoekiko konpromisoa berresteaz gain, nazioartearen esku hartzea ez dela bukatu adierazi zuten Cameronek eta Sarkozyk. «Oraindik leku batzuk Gaddafiren kontrolpean daude, eta ez dakigu koronela non dagoen», erran du Erresuma Batuko lehen ministroak. Horregatik, operazio militarraren «bukaera urruti» dagoela baieztatu du.

Sarkozyk ere Cameronen antzerako adierazpenak egin ditu. Gaddafi atxilotzeko beharra aipatu du, eta «krimenak» egin dituzten guztiak nazioarteko justiziaren menera paratuko dituztela ohartarazi du. Erregimenaren aurkako esku hartzea ez dela «kontu garbiketa bat» izan defendatu du Frantziako presidenteak, «nazioarteko zuzenbidearen arauen aplikazioa» baizik. «Bakea mehatxupean den bitartean, Frantzia Libiako herriaren ondoan egonen da». Sarkozyk erran du, halaber, «diktadore denek» ulertu behar dutela «XXI. mendean» ez dutela izanen «zigorgabetasuna bermatuko dien leku bakar bat ere munduan».

Abduljalil kontseilu nazionaleko presidenteak laguntza eskatu die Nigerrekiko muga kontrolatzeko, erregimeneko kide anitz handik ari baitira ihesean. Sarkozyk eta Cameronek zin egin diote Niger presionatuko dutela ihesak saihestu ditzan.

Sarkozyk eta Cameronek azken unera arte sekretupean mantendu zuten bidaia egiteko asmoa, eta soilik bezperan jakin zen horren berri. Segurtasun neurriak hagitz zorrotzak izan ziren. Frantziako 160 polizia bezperatik zeuden Tripolin. Sarkozyrekin batera Alain Juppe Atzerri ministroa, eta Bernard-Henri Levy filosofoa izan dira Libian. Cameronek, berriz, William Hague Atzerri ministroa eraman du berekin. Tripoliz gain, Bengazi ere bisitatu dute. Ekialdeko hiririk handiena da, eta Tripoli hartu arte, matxinoen hiriburu izan da.

Diskurtso aldaketa

Martxoaren 18ik, nazioarteko koalizioak Gaddafiren erregimenaren aurkako erasoa hasi zuenetik, anitz aldatu dira ekintzak eta diskurtsoa. NBE Nazio Batuen Erakundeak onartutako 1973 ebazpenak aire erasoak baimendu zituen, «zibilak babesteko» helburuarekin soilik. Lurreko inbasio oro espresuki debekatu zuen, eta erregimena eraisteari buruz ez zuen deus aipatu. Zibilak babesteko «beharrezko neurri guztiak» hartzea baimendu zituen, ordea, eta esaldi horren zehaztugabetasunak eman dio koalizioari operazioa hedatzeko legezko babesa.

Hasiera batean nekatu arte errepikatu zuten helburua ez zela erregimena eraistea. Baina denborarekin diskurtsoa eta ekintzak aldatuz joan ziren. Apirilerako, NATOko hegazkinek era nabarmenean eman zieten babesa matxinoei. Hurrengo hilabeteetan etorri ziren finantzaketa, arma hornikuntza, milizianoen trebatzea, eta, garrantzitsuena, sostengu politikoa. Koalizioko kideek Trantsiziorako Kontseilu Nazionala Libiako legezko ordezkari bakartzat onartu zuten, eta Gaddafiri alde egiteko exijitu zioten. Erasoaren aurka mintzatu ziren potentziek ere, Txinak eta Errusiak, onartu dute azkenean egoera berria.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.